Artadia

Artadia

itzuli

pop-macizo-enci41.jpg, irudia handituta irekiko da Mazizoaren mendebaldeko fatxadan ageri zaigu Kantauriko artadien adibide xumea. Karraskatik bereizten den azpi-espezie ezberdina da artea. Oso antzekoak dira biak ere, eta moldatuta daude udaldiko lehortasunari, eguzki beroari eta lurren txirotasun egundokoari eusteko.

Kantauri aldeko artadiek Bizkaiko, Gipuzkoako eta Kantabriako kostaldeetako kareharrizko haitzetan ugari aurki dezakegu. Bertako baldintza klimatikoak eta edafikoak hain dira zorrotzak, ezen arteak eta espezie kidetuek eutsi baitiezaiekete soilik. Normalean eguerdiko eguzkiaren pean dauden kokalekuak dira, malda gogorretan, ura azkar batean infiltratzen denekoak. Haitza soila izaten denez, nekez era daiteke bertan lurra. Erroak kareharriaren arrailetan barrena luzaturik erdiesten du arteak bizirik irautea.

Gorbeiako artadiak ez dira neurri handikoak, eta aldeko banaketaren hegoaldeko mugetan daude. Pentsatzekoa da klima lehorragoa zeneko epealdietan Kantauriraino iritsiko zirela eta, ondoren, klimaren aldaketaren ondoren ere bizirik jarraitu zutela haitzik epelenetan kantonaturik, bertan lehiakiderik ez duteneko Mediterranio aldeko baldintza klimatikoak ematen baitira.

pop-macizo-enci42.jpg, irudia handituta irekiko da Oinarriko eguteran daude Gorbeian artadi-gune nagusiak, Utzueta eta Samelar mendien artean, eta Garaigortan. Harrigarri suertatzen da Altubeko mendetako ezkoan ere artadia azaltzea, pagadi eta harizti azidoekin batera. 70. Hamarkadan A-68 Autopista eraiki zenean erasoa eta aldarazpena pairatu zituzten errodal txikiak dira.

Bortaleko trokan, gerizpetan dagoen hegian, Astorbe eta Bortal errekastoek bat egiten duten tokian, gurbitza nagusitzen deneko sastrakadia hazten da. Pagoen eta erkametzen artean sakabanaturik bizirik diraute arte batzuek, antzina Kantauri aldeko artadia zenaren erregresio gisa. Zubialde haranaren burualdean, Gonga haitzaren ekialdeko hegia estaltzen duten harizti azidoan eta txilardi-aurrekoetan ere, badira lekukoarenak egiten duten ale bat edo beste.

Behar bezala garaturik dauden Kantauri aldeko artadietan gurbitzak, gorostiak eta ereinotzak ere hazi ohi dira, lurra hezea deneko tokietan eta eguteretan, berriz, gartxua, txorbeltza, gogortxua, erratza eta Rosa sempervirens delakoa aurkituko ditugu. Goraka hazten diren ohiko landareak izaten dira bertan apomahatsa, aihen zuria, atxaparra eta, bereziki, endalaharra. Zuhaixken geruza nahaspilatu egiten dute eta, ondorioz, ezinezkoa geratzen da basora sartzea.

pop-macizo-enci43.jpg, irudia handituta irekiko da Hedadura txikikoak eta bertara sartzeko zailak diren arren, baiak eta ezkurrak bertan ugari ekoizten direnez, erakarri egiten dituzte basurdeak ta eskinosoak, bai eta zozoa bera ere. Katajinetarentzako habitat atsegina gertatzen da, gizakietatik salbu. Are erakargarriagoa da narrastientzat, erabat mesedegarri zaizkie eta, animalia hauei, artadietako bizi-baldintzak. Eskulapioren sugea ere bizi da bertan, eta ugaria da haitzetako sugandila.

Gizakien eta ganaduaren esku hartzearen ondorioz, atzeraka doaz gurbiztiak eta, orduan, sasiak nagusi direneko arantzadiak azaltzen dira toki horietan. Oso narriaturik dauden aldeetan ugariak dira txilar herrestaria eta albitz-belarra. Haitz horietara heltzerik ez zegoenez, bertatik probetxua ateratzea ere ezinezkoa izan zen mendetan eta mendetan.

Hariztiak agortu izanak eta artearen egurraren energiarako kalitate bikainak, baina, etxeetako erregai gisa erabiltzera bultzatu zituen inguruetako biztanleak. Gaur egun, ordea, Kantauri aldeko artadiak jasaten dituen mehatxu nagusiak suteak eta harrobietako kareharriaren erauzketa dira.