Parkearen mugak

 

Parkearen mugak

 

Gorbeiako parke Naturaleko mapa, irudia handiagotuEusko Jaurlaritzak 1994.eko ekainean izendatu zuen Parke Naturalari lotutako lurraldeak mazizoaren mendi-inguru guztia hartzen du bere baitara. Landa-guneak eta erantsitako eremuak geratzen dira mugetatik ate. Parke Naturalaren mugak Garaigortako dortsaletik hasi eta Upo mendiraino (647 m) doan lerro eten bati darraizkio, Zeberio, Artea eta Areatzako lurretan iparraren aldetik, eta kontrako jarraibidean egiten dute aurrera, Zanburu eta Kurutzegane (647 m) gainetan barrena, Barazar (604 m) mendatera iritsi arte, Zeanuri udalerriaren barruan.

Hegatxabala, irudia handiagotuZubizabala eta Zubizola izeneko errekastoen bidetik jarraitzen dute muga horiek, Ubidea udalerriaren mugekin bat eginik, eta Zigoitia eta Zuia bailarak zeharkatzen dituzte, Murua, Etxaguen, Manurga, Zarate, Murgia, Sarria, Ametzaga eta Gujuli landa-guneak kanpoan lagata. Hego-mendebaldean Altube ibaiaren burualde guztia biltzen du bere baitara Parkeak, Urkabustaiz udalerrian.

Gorbeialdeko mugak, irudia handiagotuZiorragaren parean eta Amurrioko lurretara sartu gabe, Orozkon barrena sartzen da, Arnoko mendien dortsala Mantzarraga eta Lobantzo gainetatik (684 m) inguraturik. Azkenean, Itxinako mendi-adarretara hurreratzen da Sintxita errekastoan barrena eta Aldabide ubidetik joanda, Gallartu auzoaren gainetik Hirumugarrieta (632 m) gailurrarekin bat egin arte.

Deskribatu dugun lurralde horrek 20.016 hektarea ditu guztira, Arabako hiru udalerritan eta Bizkaiko bostetan banatuta. Babestutako eremuaren zatirik handiena itsasoaren mailaren gaineko (i.m.g.) 400 metrokotik gora dago iparrari dagokion aldean eta i.m.g. 700 metrotik gora, berriz, hegoaldean.