Klima

 

Meteorologiak eragiten dituen gorabeheren poderioz, neurri handiak ez dituen mendi-gune honetan alde nabarmenak gertatzen dira, bere txikian ere, iparraldeko haranen, hegoaldeko haranen eta gailurren artean.

Arratiako eta Altubeko bailarak, maila txikiagoko ur-emaile diren aldetik, klima-baldintza atlantiarraz gozatzen dira, eta nabarmena da ozeanoaren eragina; hortaz, udaldian ugariak izaten dira euriak eta are ugariagoak, ia etengabeak, neguan. Tenperatuaren aldaketak ez dira bortitzak (5,5-18 ºC) eta nahikoa tenperatura epelak ematen dira, itsasoa hurbil izateak dakarren eragin leungarriari esker.

Gutxitan gertatuko dira leiak bailara hauetan, eta elurra ari duenean ere ez du gehiegi botako. Klima, beraz, ona da, negu gozoekin eta uda epelekin, egoki banatutako euriteekin. Uztaila izan ohi da hilabeterik lehorrena eta horri esker, landare estalkia oso oparo haziko da. Landazabal atlantiarraren alorrean nagusitzen den klima da, i.m.g. (itsasoaren mailatik gorako) 600 metrotik behera.

Euri-itzala eragiten dute mendiek hegoaldeko bailaren hondoaren gainean, ozeanoaren eraginetik aldentzen dituztelako. Euriteak ez dira urteko 1.200 mm-etatik gorakoak. Udako hiletan bereziki bizia da fenomeno hori, eta udaldiko lehorte gisako bat ageri ohi da inguruotan.

Orokorrean, handiagoa da zerua oskarbi dagoeneko egunen kopurua, eta zabalagoak dira bailarak. Horrek, garaiera altuarekin, i.m.g. 500 m-etatik baitaude, kontraste bortitzagoak eragiten ditu egunaren eta gauaren eta urtaro ezberdinen artean. Batezbesteko tenperatua urtarrileko 3,5 ºC-etatik abuztuko 18 ºC-etara doa. Leiak ere gogorragoak izaten dira, eta elur gehiago egiten du.

Gorbeiako hegoaldeko bailaretako klima, arras ezberdinak diren bi eremutako trantsiziokotzat har dezakegu; izan ere, klima atlantiarraren eta mediterraniarraren arteko kontrasteak nabarmen daitezke. Mediterranio aldeko klimaren ezaugarri diren udaldiko epealdi lehorra, hezetasun erlatiboaren balio baxuak eta urtaroetako tenperaturen arteko kontrastearen zirriborroari antzemango diogu hemen, erabateko ezaugarri izateraino heldu gabe, baina.

Ozeano aldeko klima epela ematen deneko alderdiak eta trantsiziokoak banantzeko, mendialdeak osatzen duen lerro estua dugu. Bertan, tenperaturen eta eurien baldintzak aldarazten ditu garaierak. Itsasoaren mailaren gainetik gora egite hutsaren poderioz, 1,5ºC jaisten da tenperatura 100 m-ko. Beraz, mendia izatean era erabakigarrian eragingo dio klimari. Eguzkiak gogorrago jotzen du, batetik, zerua oskarbi dagoenean, atmosferaren lodiera txikiagoa baita altuera horretan eta, bestetik, lur horizontalen gainekoak baino handiagoak dira euri jasak. Oro har, haizeek ere gogorrago jotzen dute honelako tokietan.

600 m-ko altueratik gora, klima kantauriarra da Gorbeiako mazizoan nagusitzen dena eta, horrela, klima atlantiarraren ezaugarriak moteldu egiten dituzte altuerak eta haizeen eta eguzkiaren eraginak. Eskualdeko batezbesteko tenperaturarik baxuenak emango dira, ondorioz, gailurretan, eta urtarrileko batezbesteko tenperaturarik baxuena -2 ºC-ko ingurukoa izango da Gorbeiako tontorrean.

Urtaroetako tenperaturen arteko kontrastea ere nabarmenagoa izango da. Abuztuan gehienezko tenperaturen batezbestekoa 22 ºC-etaraino iritsiko da. Altuerak, berak, nolabaiteko kontinentaltasuna eragiten duela esan genezake. Neguan, berriz, are markatuagoak dira eskualdeko gainerako tokiekin erkatuz gero tenperaturetan ematen den aldea. Horrela, Orozkon urtarrileko batezbesteko tenperatura 6,5 ºC-koa den bitartean, -1 ºC-raino jaitsiko da Gorbeian. Elurra ere nahikoa maiz erortzen da, udaberrian ere ikus dezakegularik bertako paisaia zuriturik. Abuztuan, ordea, aldeak ez dira hain agerikoak, eta 18,5 eta 16,5 ºC-etara iritsiko dira, hurrenez hurren, batez bestekoak.

Mendialdean 150 egunetik gora dira urtean euria egiten duenekoak. Etengabe ibili ohi dira haizeak eta batzuetan gogor jotzen dute. 1.800 mm inguru erori ohi dira urtean, baina Gorbeiako gailurretan edo lekandan 2.200 mm-tik gorakoak izatera ere irits daitezke. 700 m-ko altueran zenbatu izan denaren arabera, 27 bat egunetan egingo du elurra, 21 egun argituko dute izoztuta eta lainoa 100 bat egunetan zabalduko da paraje hauetan. Goi-mendiaren ezaugarri den landare-estalkia agertuko da klimatologia horren ondorioz. Benetan mugatzen du hotzak toki hauetako landarediaren hazkundea. Gailurrik altuenetan azpi-alpeartzat har daitezke klima-baldintzak, nahiz eta Pirinioetako eta Kantauriko Mendilerroko mendietan, i.m.g. 1.700 metrotik gora aurkituko dugun honelako ezaugarriak dituzten tokiak.