Mendi Lasterketetako Monitorea izateko ikastaroa (Izen-ematea)

Ekitaldiaren data 2026ko Irailaren 17a, osteguna - 2026ko Urriaren 30a, ostirala

Mendi lasterketak

Prestakuntza

Euskal Mendizale Federazioak Mendi Lasterketetako Monitorearen prestakuntza berria jarriko du martxan, modalitate horretan hastapeneko jarduerak garatzeko beharrezko ezagutzak eta tresnak eskuratu nahi dituzten pertsonei zuzenduta.

I. Mailari dagokion ikastaroak izaera praktiko nabarmena izango du, eta online prestakuntza eta natura-ingurunean egingo diren aurrez aurreko saioak uztartuko ditu. Helburua da parte-hartzaileek entrenamenduaren eta lasterketa-teknikaren oinarriak ez ezik, saioak planifikatzen eta zuzentzen, taldeak kudeatzen eta mendiko ingurunean segurtasunez moldatzen ere ikastea.

74 orduko prestakuntza erdipresentziala

Prestakuntzak guztira 74 orduko iraupena izango du: 50 ordu online eta 24 ordu aurrez aurreko praktiketan.

Online blokea modu malguan egin ahal izango da, aurrez ezarritako ordutegirik gabe, eta ondorengo atal praktikoari aurre egiteko beharrezko ezagutzak lantzeko balioko du. Lehen fase horretan, besteak beste, mendi lasterketen oinarriak, entrenamendua eta plangintza, lasterketa-teknika, materiala, nutrizioa, mendiko segurtasuna eta federazio- zein lehiaketa-eremua landuko dira.

Prestakuntzaren helburua, ordea, ez da gai horietako bakoitza modu isolatuan sakontzea, baizik eta eskuratutako ezagutzak ondoren egoera errealetan aplikatzeko gai izatea.

Online edukietatik benetako mendiko egoeretara

Hori izango da, hain zuzen ere, natura-ingurunean egingo diren 24 orduko aurrez aurreko prestakuntzarenhelburua. Praktikak 2027ko urtarrilaren 15ean eta 16an, eta 22an eta 23an egingo dira.

Praktika horietan, lurrean bertan landuko dira igoera- eta jaitsiera-teknika, akatsen zuzenketa, intentsitatearen eta esfortzuaren kontrola, arriskuen identifikazioa eta mendian erabakiak hartzeko gaitasuna.

Prestakuntzak pixkanaka egingo du aurrera, teknikari batek benetako egoeretan egin beharreko lanera gero eta gehiago hurbilduz. Parte-hartzaileek saioak mendian diseinatu, taldearen ezaugarrietara egokitu, erritmoak eta joan-etorriak antolatu, orientazio eta GPS tresna oinarrizkoak erabili eta talde bat benetako mendiko ingurune batean gidatu beharko dute.

Horrela, segurtasunak eta taldearen kudeaketak pisu handia izango dute prestakuntza-prozesu osoan, entrenamenduarekin eta lasterketa-teknikarekin lotutako edukiekin batera.

Ebaluazio teorikoa eta praktikoa

Ikaskuntza bai online zatian bai aurrez aurreko jardunaldietan ebaluatuko da. Ebaluazioak test teoriko bat eta saio baten diseinua jasoko ditu, baita jarduera erreal bat zuzentzea eta egoera desberdinetan taldea kudeatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna erakustea eskatuko duen proba praktiko bat ere.

Azken lan gisa, ikasleek mendi lasterketetan hasteko jarduera oso bat diseinatu beharko dute, ikastaroan zehar eskuratutako ezagutza guztiak uztartuz.

Nori zuzenduta dago prestakuntza?

Ikastaroa entrenatzaileei, kirol-teknikariei, esperientzia duten mendi lasterkariei, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako tituludunei, natura-inguruneko monitoreei eta, oro har, mendi lasterketekin lotutako taldeak gidatzen hasi nahi duten pertsonei zuzenduta dago.

I. Mailara sartzeko, aurretiko esperientzia egiaztatu beharko da, trail runningeko hiru proba amaitu direla frogatuz. Horietako bik gutxienez 10 eta 15 kilometro arteko distantzia izan beharko dute eta 500 metro baino gehiagoko desnibel positiboa; hirugarrena beste trail proba bat edo Kilometro Bertikal bat izan daiteke.

Era berean, prestakuntza Entrenatzaileen Bloke Komunari lotuta dago. Mendi Lasterketetako bloke espezifikoa aldez aurretik gainditu gabe hasi ahal izango da, baina dagokion titulazioa eskuratzeko beharrezkoa izango da baldintza hori betetzea. Zenbait titulazio akademikok eta kirol-titulaziok Bloke Komun hori baliozkotzeko aukera ematen dute.

Praktikara bideratutako prestakuntza

Proposamenak ikaskuntza aplikatuan, egoera errealen ebazpenean eta teoriaren eta praktikaren arteko integrazioan oinarritutako metodologia izango du, eta entrenamenduan, lasterketa-teknikan, segurtasunean, araudian eta kirol-antolaketan espezializatutako irakasle-taldea izango du.

Azken helburua da parte-hartzaileek prestakuntza amaitzean ikasitakoa mendira eramateko gaitasuna izatea eta mendi lasterketetan hasteko jarduerak modu planifikatu eta seguruan diseinatu eta zuzentzeko gai izatea.

Lotutako beste gertaera aktibo batzuk (Mendi lasterketak)

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA