LGTBIQ+ PERTSONEN SEXU-ANIZTASUNA ETA ESKUBIDEAK

  • Garapena
  • Sentsibilizazioa
Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Kohesioa Sustatzeko Zuzendaritzak (BFA) sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko hainbat ekimen babesten ditu, bai beste herrialde batzuetako garapenerako lankidetza-proiektuen bidez, bai gure inguruan garatzen diren ekintzen bidez.

Azken horiei dagokienez, BFAk Zinegoak babesten du, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Jaialdia, arte eszenikoen bidez kolektiboaren eskubideak ikusarazten dituena, sexu-aniztasuna aldarrikatzen duena eta diskriminazio-jarrerak eta pertzepzioak murrizten laguntzen duena. 2004an sortu zen Zinegoak, zinema-erakusketa txiki gisa, eta, urteekin, LGTBIQ+ komunitatearen eta Bilboko eta Euskal Herriko gizartearen arteko espazio partekatu gisa finkatu da. Horrez gain, nazioarteko erreferentziazko jaialdi bihurtu da, kalitate handieneko queer zinema eskaintzen duena.

Zinegoaken palmaresaren barruan Giza Eskubideak eta Aniztasuna saria dago, Gizarte Kohesioa Sustatzeko Zuzendaritzak babestua. Sari hau ematen zaie sexu-aniztasunaren errealitatea eskubideen ikuspegitik ikusarazteagatik nabarmentzen diren lanei.

Beste herrialde batzuetako lankidetza-proiektuei dagokienez, BFAk sexu-aniztasunarekin eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideekin lotutako hainbat ekimen babesten ditu. Besteak beste, Mundubat GGKEaren proiektu bat Kolonbian, komunitate indigenetan generoan oinarritutako emakumeek eta LGTBI pertsonek bizi duten indarkeria jorratzen duena, eremu komunitario seguruak eta indarkeriarik gabeak sortuz, justiziarako eta erreparaziorako sarbidea bermatuz, eta LGTBI herritarren eskubideen nazioarteko defentsari lagunduz.

Beste adibide bat da Medicus Mundi Bizkaiak Hondurasen garatutako proiektua. Esku-hartzearen helburua da LGTBIQ+ pertsonen hezkuntzarako eta osasunerako eskubideak sustatzea, horretarako dituzten zailtasunen aurrean; sexu- eta genero-aniztasuneko erakundeen eragin politikorako gaitasunak indartzea; eta Estatuak eta gizarte zibilak eskubideen urraketari buruz emandako erantzunak sustatzea.