GUATEMALAN EMAKUMEEN SUBJEKTU POLITIKO KOLEKTIBOA INDARTZEA

Garapena

"Mundu Bakean" GGKEren eskutik, Alejandrina Cano Romero Guatemalako Emakumeen Batasun Nazionaleko (UNAMG) zuzendari exekutiboaren bisita jaso dugu. Guatemalako erakunde feminista historikoa da, 1976an sortu baitzen, emakumeen pentsamendu kritikoa, antolaketa eta ekintza politikoa indartzeko xedearekin, errealitatearen eraldaketa integralerako subjektu sozial gisa, nazioko eta nazioarteko beste mugimendu sozial batzuekin artikulatuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) 2018an garapenerako lankidetza-proiektu bat finantzatu zion erakunde horri, "Emakumeen parte-hartze politiko eta herritarreko prozesuen iraunkortasuna indartuz" izenekoa. Proiektu horren helburua Guatemalako emakumeen parte-hartze politiko eta herritarreko prozesuak indartzea zen, prestakuntzaren, agenda adostuak egitearen eta emakumeek erabakiak hartzeko guneetan parte hartzeko eragin politikoaren bidez, eta, horrekin, Guatemalan genero-ikuspegia duen demokrazia eraikitzen laguntzea.

UNAMGren ezaugarri bat, antolakunde gisa, hausnartutako jarrera politikoari erantzuten dioten prozesuak etengabe aztertzea eta definitzea da. Hainbat aliantza eta koordinaziotan parte hartu dute, emakumeek beren sexualitateari buruz askatasunez erabakitzeko duten eskubidearen alde, Estatuak emakumeei finantza-baliabideak eslei diezazkien, parte-hartze politiko ekitatiboaren alde, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka eta justiziarako sarbidearen alde, bai eta justizia-sistemari gardentasun handiagoa emateko ere. Gizarte-justiziaren, erabateko demokraziaren eta bakearen agendaren aurrerapenaren aldeko borrokan ere aliantzak eraiki dituzte beste gizarte-mugimendu batzuekin.

2024. urte honetan, BFAk UNAMGri onartu dio "Ekaitz, uholde, hondakin eta indarkeria matxisten biktima diren emakumeentzako elikadura eta osasun laguntza Polochic bailarako hiru komunitatetan" izeneko proiektua, larrialdien kapituluan aurkeztua.

Izan ere, duela 20 urtetik hona, Haranak aldaketak jasan ditu, bai espazio geofisikoan eta bertako ekosistemetan, bai bertan bizi eta ustiatzen duten biztanleen gizarte-harremanetan, azukrearen eta olioaren industrian ordezkatutako erauzketa-ereduak aurrera egin duelako, eta horiek ia lur guztia kontrolatzen dutelako. Agroindustria horren ezarpena zigorgabetasun politikoari esker gertatu da, enpresa handiek komunitate indigenei lurrak kentzea ahalbidetu baitu, giza eskubideak urratuz, sexu-indarkeria barne, baita ingurumen-kalteak ere, eta gizarte-gatazka gero eta handiagoak sortuz.

Horrez gain, lehorte- eta uholde-aldiak dituen ezegonkortasun klimatikoa eta emakumeak kolektibo ahulenetako bat bihurtzen dituen matxismo endemikoa ere gehitu behar dira. Azaldutakoaren ondorioz, komunitateek ez dute baliabiderik janaria erosteko, ez eta lurra landatzeko ere; handitu egin dira amaren eta haurren heriotza-tasa, emakumeen aurkako sexu-erasoak eta sarna-kasuak, higiene-faltagatik, ez dago ez energia elektrikorik, ez letrinarik, etab. Testuinguru horretan, proiektuaren helburua da premiazko oinarrizko beharrizanak laguntzea eta arintzea, emakumeei elikadura eta higiene-baliabideak emanez.