Espazio zibikoa eta demokratikoa ixtea (El Salvador)

Garapena

Azaroan zehar hainbat bilera izan ditugu Erdialdeko Amerikako eskualdearen egoera aztertzeko, zehazkiago El Salvadorrena. Bakea eta Elkartasuna Fundazioak, Bakerako Lankidetza Batzarreak eta Mugarik Gabeko Ingeniaritzak, bultzatuta, hainbat erakundek eta aktibistak bisitatu gaituzte, eta haien kezka adierazi digute herrialdeak bizi duen eskubide- eta askatasun-murrizketagatik, gizarte zibilaren kriminalizazioagatik eta defendatzaileen aurkako jazarpenagatik, hori guztia demokraziaren eta zuzenbide-estatuaren ahultze sistematiko eta jarraitutik abiatuta.

El Salvadorren, 2022ko martxotik, Nayib Bukele presidenteak dekretatutako salbuespen-erregimen bat dago indarrean; eskubide konstituzionalak eten dira gobernuaren segurtasun-estrategia baten zati gisa. Horrela, 85.000 pertsona baino gehiagoren atxiloketa masiboa gertatu da, hau da, herrialdeko biztanleria helduaren % 2,5 inguru. Salbuespen-erregimeneko hiru urte horietan, giza eskubideen 7.000 urraketa inguru dokumentatu dira, gehienak atxiloketa arbitrarioekin eta adierazpen-, elkartze- eta prentsa-askatasunerako eskubidearen urraketekin lotutakoak. Gobernuak boterea kontzentratzeko politikarekin jarraitu du, erakunde independenteak ahulduz eta herritarren partaidetzarako espazioa itxiz.

Lankidetzaren esparruan, maiatzean Atzerriko Agenteen Legea (LAEX) onartu zen, gizarte-erakundeen babesgabetasun-egoera larriagotuz. Besteak beste, kanpoko dohaintza, transferentzia, gauzazko inportazio edo ondasun material guztien gaineko % 30eko zerga jasotzen du. Era berean, debekatu egiten du erregistratutako erakundeek aldez aurreko baimenik gabe jarduera politikoetan parte hartu ahal izatea, eta atzerriko funtsak jasotzen dituen pertsona natural edo juridiko oro Gobernazio Ministerioak zuzenean kudeatzen duen Atzerriko Agenteen Erregistroan (RAEX) inskribatu behar izatera behartzen du. Edozein ez-betetze gertatuz gero, erakundeek erantzukizun penal eta administratiboei aurre egin beharko diete.