ERDIALDEKO AMERIKAKO GIZA ESKUBIDEEN DEFENDATZAILEEN ERAGIN SOZIAL ETA POLITIKOKO BIRA

Garapena

Farmamundik lagunduta, eta Lumaltik Herriak elkartearen laguntzarekin, Guatemala, El Salvador, Honduras eta Nikaraguako ekintzaileek BFAko Gizarte Kohesioa Sustatzeko Zuzendaritza bisitatu zuten, Euskadin barrena egindako bisitan, kausak ikusarazteko eta lurraldearen defentsarako tokiko mugimenduekin aliantzak egiteko.

Giza eskubideak defendatzen dituzten sei emakume -Gissela Rodas eta Denia Castillo (hondurastarrak); Edipsia Dubón (nikaraguarra); Katia Orantes eta Marta Reina Coy Choc (guatemalarrak) eta Amaranta Portillo (salvadortarra) - Bizkaian gelditu ziren Espainiako estatuan egiten ari ziren biraren barruan, beren jatorrizko herrialdeetan defendatzen dituzten kausei babesa eta ikusgarritasuna eskatzeko. BFAra egindako bisitan, teknikoek eta Natxo Rodríguezek, zuzendariak, bertatik bertara ezagutu zuten beren herrialdeek gaur egun giza eskubideen eta ingurumenaren arloan duten egoera.

Gizarte Kohesioa Sustatzeko Zuzendaritzako egonaldia aprobetxatu zuten beren testigantzak eta borroka-estrategiak partekatzeko, eta tokiko eta nazioarteko erakundeekin loturak eta ekintza-ildoak sendotzeko, lurraldearen, generoaren eta giza eskubideen arloko arazo komunen aurrean, hala nola naturguneen pribatizazioa edo erauzketa-proiektuen aurkarien kriminalizazioa.´

Sei emakume horiek azaldu zutenez, Erdialdeko Amerikako eskualdean giza eskubideen urraketak larriak dira oraindik, eta defendatzaileak arrisku handian daude, testuinguru soziopolitiko konplexu baten ondorioz. Interes ekonomikoek, erauzketa-proiektuekin bereziki lotutakoek, eta tokiko gobernuen konplizitateak Guatemala, El Salvador, Honduras eta Nikaraguako ekintzaileen jazarpena larriagotzen dute.

Azken hamarkadan, Mesoamerikan giza eskubideen defentsan diharduten 7.738 defendatzaileren eta 880 erakunderen aurkako 28.863 eraso dokumentatu dira, Giza Eskubideen Emakume Defendatzaileen Ekimen Mesoamerikarraren datuen arabera. Egoera horren aurrean, giza eskubideen aldeko agindua duten nazioarteko erakundeen jarrera irmoa eskatzen dute, nazioartean babesa eta salaketa lortzen laguntzeko.

Horregatik, bere ibilbidearen helburua gobernuetan eragiten saiatzea zen, bere erkidego eta lurraldeetan gertatzen diren eskubideen urraketak zuzenean geldiarazteko beharrezkoak diren ekintza legegileak, judizialak eta betearazleak har daitezen.