Bizkaiak Libano hegoaldearekin duen konpromisoa

  • Bizkaia kopera
  • Larrialdiak

Maiatzaren 27an, ostiralean, Solidaridad Internacional – Nazioarteko Elkartasuna eta Popular Aid for Relief & Development (PARD) erakundeak Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasuneko Zuzendaritza Nagusian izan ziren, gaur egun egikaritze-fasean dagoen “Libano hegoaldeko kokaleku informaletan berreraikitzea, bizibideak eta genero-ekitatea proiektua” partekatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasuneko zuzendari nagusi Natxo Rodriguezek eta Zuzendaritzako talde teknikoak Popular Aid for Relief & Development (PARD) erakundearen lana ezagutu zuten. Erakunde horrek oinarri independentea du, eta ingurumen-osasunean, zerbitzu medikoetan eta Palestinako eta Libanoko komunitateen artean kontzientzia eta ahalduntzea sortzen lan egiten du.

Libanok krisi politiko eta ekonomiko larria pairatzen du, pandemiak, Beiruteko portuaren leherketak, erreformei ekiteko gai ez den gobernu-egitura ahul batek eta tentsio sektario eta sozialen hazkunde esponentzialak areagotuta. Hori islatzen da -Mendebaldeko Asiarako Ekonomia eta Gizarte Batzordearen datuen arabera (CESPAO)- pobreziaren atalasearen pean bizi den biztanleriaren % 55en kasuan. Egoera horrek bereziki eragiten die errefuxiatuei, haien pobrezia-maila % 70era igo baita eta elikadura-segurtasun eza gero eta handiagoa baitute.

Libano hegoaldean kokaleku informaletan bizi diren Siria eta Palestinako errefuxiatuak gatazken inpaktu suntsitzaileari aurre egiten eta borrokatzen aritu dira, baita baldintza sozioekonomiko eta politikoen etengabeko narriaduraren ondorioak jasaten ere. Gainera, emakume eta neskato errefuxiatuek hainbat hondamendiri egin behar diete aurre, genero-indarkeria, diskriminazioa eta behartutako haurren ezkontza direla eta.

Rita Hamdan Libanon errefuxiatutako ekintzaile palestinarrak, Beiruten egoitza duen PARD erakundearen sortzaileak eta zuzendariak, eta Rashid El Mansi programa-buruak, Ettore Papa lagun zutela Solidaridad Internacional - Nazioarteko Elkartasuna elkartearen izenean, aipatutako proiektu hori aurkeztu zuten; ekimenak Libanoko Hegoaldeko 7 kokaleku informaletan dauden errefuxiatuen bizileku-baldintzak eta bizibideak -bereziki emakumeak- hobetzeko helburua du.