Ageing is living: zahartzearen boterea askatzen 2027 lidergorako ikastaroa

  • Noiz

    2027/04/28(e)tik 2027/04/30(e)ra

Bilbao

Nola bihur dezakegu biztanleriaren zahartzearen erronka gure gizarteak eraldatzeko aukera?

Urte gehiago bizitzea da gure garaiko lorpenik handienetako bat. Era berean, aukera berriak eskaintzen ditu pentsatzeko nola sustatzen dugun osasuna, nola antolatzen ditugun zaintzak, nola diseinatzen ditugun gure inguruneak eta nola bultzatzen dugun pertsonen parte-hartzea bizitza osoan zehar.

Badaude aldaketa horiek bultzatzeko eta zahartze osasuntsuaren eta iraupen luzeko zainketen arloan aurrera egiteko gaitasuna duten pertsonak. Horregatik, “Ageing is living: zahartzearen boterea askatzen 2027” lidergorako ikastaroa pertsona horien lidergo-gaitasunak indartzeko sortu da.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Europako Eskualde Bulegoak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Nagusi Intelligence Centerrek elkarlanean garatu dute. Ikastaroak zenbait herrialdetako eta sektoretako 40 lider bilduko ditu Bilbon, hiru eguneko aurrez aurreko programa trinko batean.

Aldaketa bultzatzeko prestakuntza praktikoa izango da

Programak lidergoaren garapena, pentsamendu sistemikoa, arazoetan oinarritutako ikaskuntza eta esperientzien trukea uztartzen ditu. Helburua da tresnak ematea testuinguru konplexuetan moldatzeko, aliantzak eraikitzeko, erabakiak hartzeko prozesuetan eragiteko eta ebidentzia ekintza zehatzetara eramateko.

Prestakuntza Ageing is living ekimenaren lau ekintza-arlo estrategikoekin lotuta dago:

  • prebentzioa eta osasunaren sustapena indartzea.
  • arreta-sistemak eraldatzea.
  • zahartze osasungarria errazten duten inguruneak sortzea.
  • adinkeriari aurre egitea.

Ikastaroa parte-hartzean oinarrituko da nagusiki. OMEko adituek eta gonbidatutako liderrek emango dituzten saioei, lidergo-laborategiei, pentsamendu sistemikoko ariketei eta benetako erronken inguruko lanei esker, parte-hartzaileek esperientziak partekatu eta zenbait herrialde, sektore eta gobernu-mailako profesionalengandik ikasteko aukera izango dute.

Gainera, parte-hartzaileek euren testuinguru profesionaletako benetako erronka bana landuko dute. Ariketa horren bidez aukera izango dute eskuratutako ikaskuntzak aplikatzeko eta euren erakundean, sisteman edo komunitatean aldaketak sortzen laguntzeko.

Nori zuzenduta dago?

Ikastaroa, batez ere, erabakiak hartzeko ardura duten eta nazioko eskualdeko eta tokiko mailan lider diren pertsonei zuzenduta dago, bizi eta zahartzeko dugun moduarekin lotutako politiketan, sistemetan eta inguruneetan eragiteko gaitasuna dutenei, hain zuzen.

Arlo profesional desberdinetako profilak bilatzen dira, besteak beste, osasuna eta osasun publikoa, gizarte-gaiak eta iraupen luzeko zainketak, etxebizitza, ekonomia, hiri- eta landa-garapena, mugikortasuna, enplegua, hezkuntza, ikerketa, eraldaketa digitala, berrikuntza edo komunikazioa.

Halaber, plaza kopuru mugatua egongo da eraldaketa-prozesuetan modu aktiboan parte hartzen edo politikak zehazten edo ezartzen jarduten duten gizarte zibilaren eta esparru akademikoaren arloko liderrei zuzenduta.

Ez da zahartzeari buruzko prestakuntza teknikoa izango; lidergo-gaitasunak indartzeko, aliantzak sortzeko eta hainbat arlotatik aldaketa bultzatzeko lanean ari diren profesionalekin batera ikasteko aukera izango da.

Prestakuntza hau egiteko beharrezkoa da ingeles-maila ona izatea, saioak parte-hartzaileak izango baitira eta ez baita interpretazio-zerbitzurik egongo.

Ikastaroan parte hartzea doakoa da eta hamaiketakoa, kafea hartzeko atsedenak eta ongietorria emateko afaria egingo dira. Bestelako gastuak, hala nola Bilbora etortzeko garraioa, ostatua eta egonaldia parte-hartzaileak ordaindu beharko ditu.

Ikastaroak prestakuntza- eta hezkuntza-jarduera motako Agency for Public Health Education Accreditation (APHEA) erakundearen egiaztagiria izango du, eta parte-hartzaileek OMEren parte-hartze ziurtagiria jasoko dute.

[Aurkeztu hautagaitza 2026ko azaroaren 16a baino lehen] https://extranet.who.int/dataformv6/index.php/448125?lang=en

Xehetasunak: Ageing is living: zahartzearen boterea askatzen 2027 lidergorako ikastaroa

Oharrak

  • Formatua: Aurrez aurre.
  • Plaza-kopurua: 40.
  • Hizkuntza: Ingelesa.
  • Prezioa: Doan.
  • Hautagaitza aurkezteko lehenengo eguna: 2026ko urriaren 1a.
  • Azken eguna: 2026ko azaroaren 16a.
  • Hautatutako pertsonei jakinarazteko epea: 2027ko urtarrileko lehenengo astea.
  • Titulazioa: Parte-hartze ziurtagiria emango da.
  • Nori zuzenduta dago: Ikastaroa zuzenduta dago zahartze osasuntsuko politikak eta programak garatzeaz edo ezartzeaz eta iraupen luzeko zaintzez arduratzen diren profesionalei. Beraz, honako sektore hauetako langileei zuzenduta dago, besteak beste: osasuna, gizarte-laguntza, etxebizitza, garraioa, hiri-plangintza, hezkuntza, komunikazioa, osasun digitala eta teknologia.
  • Izena emateko: https://extranet.who.int/dataformv6/index.php/448125?lang=en

Kokalekua

bilbao. bilbao

  • Noiz

    2027/04/28(e)tik 2027/04/30(e)ra

Eta gainera