Bizkaiak parte-hartze aktiboa bultzatzen du adin guztietarako lurraldea eraikitzeko

  • Noiz

    2026/02/23(e)tik 2026/02/23(e)ra

  • Ordua

    09:30etik 13:00etara

Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi du “Bizkaia, adin guztietarako lurraldea” programaren aldeko apustua eta udalerri gehiagori eskatu die ekimenean parte hartu dezaten, non dagoeneko berrogei udalerrik hartzen baitute parte.

Euskalduna Jauregian egindako jardunaldian aurkeztu da eta bertan berrehun parte-hartzaile baino gehiago egon dira, besteak beste erakundeetako ordezkariak, teknikariak eta programan inplikatuta dauden adinekoak. Topaketaren bidez, aurrerapenak partekatu dira eta parte-hartzea, entzute aktiboa nahiz elkarlana oinarritzat dituen ereduaren onurak nabarmendu dira.

Osasunaren Mundu Erakundearen metodologian inspiratuta dago Aldundiak 2016an sustatutako programa hau, eta xede nagusia da adinekoek beren udalerriak hobetzeko prozesuan modu aktiboan parte hartu dezaten sustatzea. Hala, politika publikoen hartzaile izateaz gain, protagonistak dira beren eguneroko bizitzan eragiten duten ekimenak diseinatzen, garatzen eta ebaluatzen.

Bizi-luzetasuna: erronka eta aukera

Jardunaldian, Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, nabarmendu du Bizkaiko Adinekoen Kontseiluarekin partekatutako lanari esker zenbait hobekuntza lortu direla, esate baterako, irisgarriagoak diren espazioak eta egokituagoak dauden zerbitzuak. Horrez gain, azpimarratu du lan horrek helburu argia duela: pertsonen bizitza hobetzea, betiere haiek kontuan hartuta.

Topaketan argi geratu da bizi-luzetasuna lorpen kolektiboa dela, bai eta erronka eta aukera ere. Ildo horretatik, bizi-luzetasunaren estrategia bat jorratzen dabil Aldundia, zeinetan herritarren zuzeneko esperientzia, analisiak eta datuak uztartuko baitira; hala, autonomia, eskubide eta komunitate handiagoko gizartea lortu nahi da.

Lurralde-sare parte-hartzailea eta lagunkoia

Programaren giltzarrietako bat da udalerrietan talde eragileak sortzea, bertan adinekoak lankidetzan aritu daitezen tokiko arduradun nahiz teknikariekin beharrizanak aztertzeko eta konponbideak proposatzeko. Eredu hori lagungarria izango da bai komunitateak sendotzeko, bai inklusiboagoak nahiz irisgarriagoak diren inguruak sortzeko.

Gaur egungo helburua da sarea lurralde osora zabaltzea eta udalerrien arteko konexioa sendotzea, betiere esperientzien trukea eta elkarrekiko laguntza bultzatuz. Prozesu horretan, Adinekoen Kontseiluak funtsezko eginkizuna du parte hartzeko, entzuteko eta proposatzeko gune gisa.

Aldundiak eta Kontseiluak ikuspuntu bateratua dute: aurrera egitea gure gizartean pertsona guztiek, edozein adinekoak direla ere, modu aktiboan parte hartu dezaten bizitza komunitarioan. Programa horren bitartez, Bizkaiak jarraituko du gizarte-kohesioko eredu bat sendotzen, belaunaldiak batzen dituena eta herritar guztien bizi-kalitatea hobetzen duena.

Xehetasunak: Bizkaiak parte-hartze aktiboa bultzatzen du adin guztietarako lurraldea eraikitzeko

Kokalekua

Palacio Euskalduna. Avda. Abandoibarra, 4 · 48011, Bilbao

  • Noiz

    2026/02/23(e)tik 2026/02/23(e)ra

  • Ordua

    09:30etik 13:00etara

Eta gainera