EUROPAKO INBERTSIO-FUNTSAK

Bizkaiko Foru Aldundiak Europako zenbait inbertsio-funtsen zerga-tratamendua ezartzen du, Lurraldearen garapen adimentsua, inklusiboa eta iraunkorra sustatze aldera, garapen hori Bizkaia Goazen 2030 planean biltzen den helburua delako.

Horretarako, Europako erakundeek finantza arloan ezarririk dituzten tresnak erabiltzen ditu, jarduera ekonomikoa eta aberastasuna eragitea eta kalitatezko enplegua sorraraztea bultzatu asmoz.

Halaber, zerga arloko pizgarrien (kenketen) bitartez, hiritarrek berrikuntza teknologikoaren alorreko proiektuak eta jarduera ekonomikoa garatzeko enpresa-kapitalizazioaren eremuko proiektuak finantzatzearen arloan parte hartzea sustatzen du.

EELIF

Bizkaiko Foru Aldundiak onartzen dituen Europako epe luzeko inbertsio-funtsak

informazio zehatza

Informazioa

  • Nolako funtsak dira?

    2018an, berrikuntza bultzatzea, jarduera ekonomikoa finantzatzea eta ekoizpena kapitalizatzea xede duten Europako zenbait funtsen zerga-tratamendua sartu du Bizkaiak bere zerga-arautegian. Era berean, zenbait neurri pizgarri abiarazi ditu sektore pribatua Europa 2020 Estrategiaren esparruari dagozkion xedeak lortzeko ahaleginetan inplikatzeko.

    Honako funts hauek ezartzen dira, Europako araudiak oinarritzat hartuta:

    • Europako arrisku-kapitaleko funtsak (EAKF)
    • Europako gizarte-ekintzailetzako funtsak (EGEF)
    • Europako epe luzerako inbertsio-funtsak (EELIF):

      Funts hauetan inbertitzaileentzako zerga-pizgarriak dituzten hiru kategoria daude:

      • Berrikuntza bultzatzeko Europako funtsak
      • Jarduera ekonomikoaren finantzaketa bultzatzeko Europako funtsak
      • Ekoizpen-kapitalizazioa bultzatzeko Europako funtsak
  • Zer zerga-pizgarri dituzte?

    Funtsenak berenak:

    Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, Europako arrisku-kapitaleko funtsen (EAKF) eta Europako gizarte-ekintzailetzako funtsen (EGEF) zerga-tratamendua arrisku-kapitaleko funtsena izango da: partaidetzen dibidenduak eta gainbalioak salbuetsita daude, partaidetzaren ehunekoa eta antzinakotasuna gorabehera. Gainbalioak salbuesteko, ezinbestekoa da partaidetza erosi zenetik 15 urte igarota izatea.

    Araudian xedatzen denaren arabera inbertsio onargarriak diren baloreen errentei aplikatuko zaie onura hau.

    Ezarritako betekizunak betetzen dituzten Europako epe luzerako inbertsio-funtsak (EELIF) % 1ean kargatuko ditu Sozietateen gaineko Zergak.

    Funtsetako partaideenak:

    Europako arrisku-kapitaleko funtsen (EAKF) eta Europako gizarte-ekintzailetzako funtsen (EGEF) partaidetzak eskualdatu edo ordainduta sortzen diren errenta positiboak:

    1. Salbuetsita daude, dena delakoa partaidetza-ehunekoa eta partaidetza eduki den aldia, baldin eta hartzailea Sozietateen gaineko Zergaren kargapeko zergaduna bada edo establezimendu iraunkorra duen Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren kargapeko zergaduna.
    2. Hartzailea establezimendu iraunkorrik ez duen Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren kargapeko zergaduna den pertsona fisikoa edo entitatea bada, errentak ez dira joko Espainiako lurraldean lortutzat.

    Europako epe luzerako inbertsio-funtsak (EELIF) direla eta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren tributazioan partaidetzen eskualdaketetan lortzen diren errentei salbuespena aplikatu ahal zaie berrinbertsioagatik.

    Hain zuzen ere, Berrikuntza bultzatzeko Europako funtsei dagokienez:

    1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuotan % 15eko murrizketa ezartzen da, 750 euro gehienez, zergaldian partaidetzak eskuratzeko ordaindutako zenbatekoengatik nahiz haien eskuratzea finantzatzeko kreditu-entitateetan gordetzen diren zenbatekoengatik. Horretarako, ordea, partaidetzak eta gordailuak bost urtez mantendu beharko dira.
    2. Erosten diren partaidetzak Ondarearen gaineko Zergatik salbuesten dira.

    Jarduera ekonomikoaren finantzaketa bultzatzeko Europako funtsen eta ekoizpen-kapitalizazioa bultzatzeko Europako funtsen partaidetzak salbuetsita daude Ondarearen gaineko Zergaren eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren kargatik.

  • Bizkaiko Foru Aldundiak onartzen dituen Europako epe luzeko inbertsio-funtsak

    Inbertsio-funtsaren izendazioa Inbertsio-funtsaren IFK Entitate kudeatzailea Funts mota Ebazpenaren data Ebazpenaren zenbakia Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena
    FONDO DE INNOVACIƓN FILPE V-95.920.310 Solventis SGIIC Berrikuntza bultzatzeko Europako funtsa. 2018/06/18 14/2018 14/2018 Ebazpena (181 KB)
    TALDE DEUDA ALTERNATIVA FILPE V-95.953.196 TALDE GESTIƓN SGEIC, S.A. Jarduera ekonomikoaren finantzaketa bultzatzeko Europako funtsak 2019/07/24 19/2019 19/2019 Ebazpena (224 KB)
    BIDEGIƑ I FILPE V-13.919.543 G.I.I.C. FINECO, S.G.I.I.C., S.A.U. Jarduera ekonomikoaren finantzaketa bultzatzeko Europako funtsak 2023/10/31 567/2023 567/2023 Ebazpena (219 KB)
    FONDO DE INNOVACIƓN II, FILPE V-75.484.600 SOLVENTIS S.G.I.I.C., S.A. Berrikuntza bultzatzeko Europako funtsa. 2024/12/30 1924/2024 1924/2024 Ebazpena (225 KB)

Funtsak

Arrisku-kapitalak, oro har, enpresa oso txikiak finantzatzen eta aholkatzen ditu, hasierako faseetan daudenak eta hazteko eta hedatzeko ahalmen handia dutenak, hain zuzen ere. Arrisku-kapitaleko funtsek beren jardunaren bitartez hazkunde ekonomikoa bizkortzen dute, enplegua sortzen eta kapitala mobilizatzen laguntzen dute, enpresa berritzaileen ezarpena eta hedapena sustatzen dituzte, enpresa horiek ikerketa eta garapenean egiten duten inbertsioa handitzen dute eta enpresa-espiritua, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzen dituzte, Europa 2020 Estrategiaren helburuen ildotik.

Europako arrisku-kapitaleko funtsek (EAKF) hemen ezartzen diren betekizunak dituzte: Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2013ko apirilaren 17ko 345/2013 (EB) Erregelamendua, Europako arrisku-kapitaleko funtsei buruzkoa (145 KB).

Gero eta inbertitzaile gehiagok finantza-errentagarritasunaz gainera gizarte-xedeak ere lortu nahi dituzte. Horregatik, Europar Batasunean gizarte-inbertsioko merkatua sortu da, eta horretan aritzen direnetako batzuk gizarte-enpresetan inbertitzen duten inbertsio-funtsek dira. Inbertsio-funts horien jarduera honetan datza: finantzaketa ematen diete gizarte-aldaketak bultzatzen dituzten gizarte-enpresei, alegia, gizarte-arazoentzat irtenbide berritzaileak eskaini eta Europa 2020 estrategiaren helburuak lortzeko laguntza baliotsua ematen dutenei.

Europako gizarte-ekintzailetzako funtsak (EGEF) inbertsio kolektiboko entitateentzat dira; hemen ezarritako betekizunak dituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko apirilaren 17ko 346/2013 (EB) Erregelamendua, Europako gizarte-ekintzailetzako funtsei buruzkoa (163 KB).

Europako epe luzerako inbertsio-funtsei dagokienez, funtsok finantzaketa iraunkorra ematen dute bai askotariko azpiegitura-proiektuentzat, bai erraz identifika daitekeen eroslerik ez duten kapital- nahiz zor-tresnak jaulkitzen dituzten kotizaziorik gabeko enpresentzat edo kotizatutako enpresa txiki eta ertainentzat, eta, hala eginez, Europar Batasuneko ekonomia erreala finantzatzen eta haren politikak betearazten laguntzen dute.

Informazio gehiago

Martxoaren 21eko 2/2018 Foru Arauak (280 KB) 7. artikuluko 1. idatz-zatian xedatzen denarekin bat, foru arauko 4., 5. eta 6. artikuluetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten Europako funtsek I. tituluko IV. kapituluan xedatzen diren zerga-neurriak aplikatu nahi badituzte, horren berri ematen duen komunikazioa aurkeztu behar diote zerga administrazioari Sozietateen gaineko Zergaren Araudiko 45. artikuluan ezartzen den prozeduraren arabera (araudi hori Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 23ko 203/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Komunikazioak honako datu hauek adierazi behar dira:

  1. Komunikazioa aurkezten duen epe luzerako inbertsio-funtsaren identifikazioa.
  2. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko apirilaren 29ko 2015/760 (EB) Erregelamenduak, Europako epe luzerako inbertsio-funtsei buruzkoak, 5. artikuluko 1. zenbakian xedatzen duenarekin bat etorriz Europako epe luzerako inbertsio-funtsen agintari eskudunari aurkeztutako dokumentazioa.
  3. Agintari eskudunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko apirilaren 29ko 2015/760 (EB) Erregelamenduak, Europako epe luzerako inbertsio-funtsei buruzkoak, 6. artikuluan aipatzen duen baimena eman diola.
  4. Europako epe luzerako inbertsio-funtsen kudeatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauak 80. artikuluko 2. zenbakian ezartzen dituen baldintzan betetzen direla ziurtatzen duena.
  5. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko apirilaren 29ko 2015/760 (EB) Erregelamenduak, Europako epe luzerako inbertsio-funtsei buruzkoak, 23. artikuluan aipatzen duen liburuxka (behar denean, funtsezko datuen dokumentua ere bai), eta martxoaren 21eko 2/2018 Foru Arauak 4., 5. edo 6. artikuluetan ezartzen dituen baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

Komunikazioa Koordinaziorako eta Laguntza Teknikorako Zuzendariordetzari aurkeztuko zaio.

Berrikuntza bultzatzeko Europako funtsen, jarduera ekonomikoaren finantzaketa bultzatzeko Europako funtsen eta ekoizpen-kapitalizazioa bultzatzeko Europako funtsen izaeraren aitorpena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Gainera, berrikuntza bultzatzeko Europako funtsaren edo jarduera ekonomikoaren finantzaketa bultzatzeko Europako funtsaren edo ekoizpen-kapitalizazioa bultzatzeko Europako funtsaren izaera aitortu zaien Europako epe luzerako inbertsio-funtsen zerrenda eguneratua mantenduko du Ogasun eta Finantza Sailak Bizkaiko Foru Aldundiaren Interneteko orrian.

Informazio gehiago (87 KB)