Mutualisten erreklamazioa. Idazkia, preskribatu gabeko ekitaldietako PFEZ aitorpenak zuzentzeko eskatzekoa

Auzitegi Gorenaren 2023ko otsailaren 28ko 255/2023 Epaiak xedatzen du ezen Gizarte Segurantzak erretiroagatik edo baliaezintasunagatik ematen dituen pentsio publikoak, lan-mutualitateei 1978ko abenduaren 31ra arte egindako ekarpenetatik/kotizazioetatik eratorriak direnean, eta ez bazitzaien kenkaririk aplikatu ahal izan PFEZaren zerga-oinarrian, unean-unean indarrean egondako legeriaren arabera, %75ean sartu behar direla zerga horren zerga-oinarrian, kontuan harturik zazpigarren xedapen iragankorrean ezartzen duena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak.

1978ko abenduaren 31ra arte egindako kotizazioetatik eratorritako zatiari dagokienez soilik sartuko da prestazioa %75ean. Kotizazioei pentsioaren zein parte dagokien zehazteko, arau proportzional bat aplikatu ahal izango da, kontuan harturik erreklamatzaileak zenbat egunez kotizatu zuen mutualitatean –gehienez 1978ko abenduaren 31ra arte–, haren lan-bizitzako egun guztiekin alderatuta, lan-bizitza Gizarte Segurantzaren pentsioa sortzeko kontuan hartzen den gehieneko aldia (normalean 35 urte) baino luzeagoa denean izan ezik; kasu horretan atalase hori hartuko da kontuan pentsioa zerga-oinarrian ez sartzeko ehunekoa zehazteko.

Ez da beharrezkoa ekitaldi bakoitzean eskaera bat aurkeztea. Bizkaiko Ogasunak erreklamazio bakar baten bidez zuzenduko ditu preskribatu gabeko ekitaldi guztiak. Era berean, ez da dokumentaziorik aurkeztu behar eskabidearekin batera, Bizkaiko Ogasunak sarbidea izango baitu zergadunen lan-bizitzara.