Zaintza

Adingabekoen zaintza Zuzenbide Zibileko erakundea da; beraren bidez pertsona batek edo erakunde publiko batek adingabeko bat hartzen du bere zaintzapean aldi baterako, haren guraso-ahala dutenek berariazko edo isilbidezko adostasuna adierazita edo legearen aginduz.

Babesa emateko erakunde publikoak hartzen badu bere gain zaintza, administrazio zaintza deritzo, eta hiru bidetatik lor daiteke:

  1. Guraso-ahalaren titularrek eskatuta, gaixotasunagatik edo bestelako inguruabar larriengatik zaintzerik ez dutela frogatzen dutenean. (K.Z.aren 172.2. art.)
  2. Legeak hala aginduta, adingabearen babesgabeia adierazteko kasuetan (Kode Zibilaren 172.1. art.).
  3. Epaileak hala erabakita legez dagokion kasuetan (Kode Zibilaren 172.2 eta 103.1. art.).

Gurasoek edo tutoreek eskaturiko administrazio zaintzaren ezaugarriak:

  • Adingabekoaren gurasoek erakunde publikoaren eskaera eragin duen inguruabarra gainditu arte iraungo du soilik.
  • Ez du eraginik guraso-ahalaren titulartasunean; erakunde publikoa eduki pertsonalaz baizik ez da arduratzen. Gurasoek ez dute galtzen euren eginkizunen titulartasuna eta, beraz, ondareari dagokionez adingabekoaren ondasunen legezko ordezkariak dira eta haiek administra ditzakete, eta horrez gainera adingabekoa zaindu behar dute eta harekin aldian-aldian izateko eskubidea dute, epaileak, adingabekoaren onura kontuan hartuta, besterik erabaki ezean.
  • Administrazioak ezin du berez bereganatu zaintza hau; aitzitik, ezinbestekoa da gurasoek eskatzea edo epaile batek horren aldeko ebazpena ematea.

Babesgabezia adieraztearen edo epailearen erabakiaren ondoriozko administrazio zaintzaren ezaugarriak

  • Foru Aldundiak, zaintzaren titularrak, adingabea hartu duen zentroko edo establezimenduko zuzendariari eskuordetu diezaioke zaintza, edo famili harreran jasotzen duen pertsonari, betiere Ministerio Fiskalaren zaintzapean.
  • Une oro, erakunde publikoak du adingabekoaren gaineko erantzukizuna. Zaintza Fiskaltzaren kontrolpean egiten da.