Informazio orokorra

Administrazio Publikoek jardutean hainbat agiri sortu, jaso eta bideratzen dituzte etengabe. Bizkaiko Foru Aldundia horietako bat da. Bizkaiko Lurralde Historikoa zuzentzen du, eta eginkizun handiak ditu arlo hauetan batik bat: gizarte-ongizatea, errepideak eta herri-lanak, kultura, ingurumena, zerga-bilketa eta garraio publikoa.

Agiriak modu egokian gordetzeko, BFAk bere artxibatze-sistema du, hau da, zaintzeko instalazioen eta kudeatzeko behar diren arau eta zerbitzuen multzo egituratua. Horrela bermatzen da dokumentuak egoera onean eta modu seguruan gordeko direla, eta beharrezkoa denean herritarren eta Administrazioaren beraren beharrei erantzuteko emango direla.

Artxibatze-sistemaren helburu nagusia da BFA Administrazio eraginkor, arin, garden eta hurbila izatea Bizkaiko pertsona guztientzat. Xedea lortzeko hainbat lan egin behar dira: agiriak antolatzea eta deskribatzea; fisikoki prestatzea eta ondo etiketatutako instalazio-unitate berezietan (kutxetan) jartzea; gordailura eraman, jaso eta han jartzea; ikusten uztea eta eskatzen denean maileguan ematea; zenbait helburutarako erabilgarritasuna baloratzea, eta gordetzeko epea ezartzea; balio ez duena xahutzea, eta gordailuan daudenean kokapenak eta mugimenduak informatikoki kontrolatzea.

Lan konplexua da eta administrazio-unitateen, kudeaketa-agiritegien eta sistemako burua den Agiritegi Administratibo Orokorraren arteko lankidetza jarraiaren bidez egiten da. Dagozkien zereginetan ondo prestatutako langileak daude guztietan; Agiritegi Administratibo Orokorrarenek goi-mailako espezializazioa dute. Haiei esker, hainbat dokumentu kudeatzen dira zuzentasun osoz: paperean bakarrik, 65 kilometro lineal baino gehiagoko espedienteak, ia 4.000 sailetan taldekatuta, askotariko edukiekin (eranskinean zerrenda ematen dugu).

BFAren artxibatze-sistema 90/2011 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen, haren erregelamendua arautu zuena. Arau hura 97/2021 Foru Dekretuak neurri batean eguneratu bazuen ere, sistemaren egitura ez da aldatu. Agiritegi Administratibo Orokorra atxikita zaio arloan eskumenduna den unitate edo sailari; gaur egun (2019-2023 legealdian) Ahaldun Nagusiari Laguntzeko Unitatea da, 39/2021 Foru Dekretuaren arabera.

Informazio osagarria

Fitxategi hauek ikusteko Adobe Reader doako programa behar duzu.

Informazio gehiago interneten: