Aldundiak garapenerako lankidetzako ehun bat proiektu lagunduko ditu 2024an

Teresa Laespada eta Natxo Rodríguez.
  • Bizkaia kopera
  • Garapena
  • Larrialdiak
  • Sentsibilizazioa

Garapenerako lankidetzaren, gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren eta laguntza humanitarioaren arloko ekimenak babesteko emandako 9,6 milioi euroko dirulaguntzak % 4 gehitu dira aurreko urtearen aldean. Horrela Bizkaiko Foru Aldundia garapenerako lankidetza gehien indartzen duen euskal erakundea da.

Bizkaiko Foru Aldundiak Garapenerako Lankidetzako, gizarte-eraldaketarako eta laguntza humanitariorako ehun bat proiektu lagunduko ditu aurten. Horretarako 9,6 milioi euroko inbertsioa egingo du, hau da, iaz baino % 4 gehiago.

Horrela dagoeneko Bizkaiko Foru Aldundia garapenerako lankidetza gehien indartzen duen euskal erakundea da. Bolumen ekonomikoari dagokionez Espainian garatzen den lankidetza deszentralizatuaren 7. postuan dago (Euskadi, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Andaluzia, Nafarroa eta Extremaduraren atzetik soilik), garapenerako lankidetzan kudeaketa propioko aurrekontuaren % 0,57ko inbertsioarekin.

Igoera honek, aurreko urteetan egin denarekin batera, agerian uzten du Aldundiaren Garapenerako Lankidetzaren Politika indartzearen aldeko apustu sendo eta iraunkorra.

Hala iragarri du Teresa Laespadak, ahaldun nagusiordeak eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak, prentsaurrekoan Ignacio Rodríguezekin, Gizarte Kohesioa Sustatzeko zuzendari nagusiarekin batera, agertu denak.

2015ean Bizkaiko Foru Aldundian erantzukizun horiek gure gain hartu genituenetik  foru erakundeak hegoaldeko herrialdeen garapenari egindako ekarpena % 70 hazi da. Garrantzitsua da igoera hori Aldundiaren aurrekontu globalari dagokionez aztertzea, Lankidetzan izandako igoera foru-aurrekontua hazi denaren bikoitza baino gehiago izan baita (% 34). Eurotan, orain 2015ean baino 4 milioi gehiago ditugu lankidetzarako, azpimarratu du Laespadak.

Ahaldun nagusiordeak Garapenerako Lankidetza gehiago eta hobearen alde lan egiten jarraitzearen garrantzia gogorarazi du, gizarte-babesaren oinarriak zabaltzeko, politika publiko gisa lankidetzaren bizitasuna berreskuratzeko eta bere misioaren zati nagusi gisa  eragile berriak inplikatzeko.

Lankidetza bultzatu behar dugu justizia globaletik, Hegoaldeko herrien ikuspegitik, euren egoeratik eta proposamenetatik. Ezagutza handiagoko lankidetza bultzatu behar dugu, inteligenteagoa, nolabaiteko espezializazioarekin, baieztatu du Laespadak. Amaitzeko, azpimarratu du hori guztia bakarrik izango da posible politika publikoen koherentziatik lan egiten bada, eta aditzera eman du Bizkaiko inbertsioak helmuga, arima, etika eta balioak dituela.

Lankidetzaren IV. Plan Zuzentzailea eta legegintzaldiko helburuak

2021eko abenduan Bizkaiko Foru Aldundiak 2022-2030 aldirako ezarritako Bizkaiko Lankidetzaren IV. Plan Zuzentzailea  onartu zuen.

Asmo handiko plana da, hamar urterako trantsizio-prozesuari ekin ziona, gure lan egiteko moduetan aldaketa sakona egiteko oinarriak ezartzeko aukera ematen duena  hiru helburuk gidatuta: Hegoaldea hobeto zerbitzatuko duen lankidetza, gure gizartearen eta Hegoaldearen arteko kontaktu-azalera handitzea, eta gure gizarteak gehiago partekatzen duen politika eraikitzea.

Elkartasunean oinarritutako Nazioarteko Lankidetza Politikaren aldeko apustua egiten duen Plana. Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean kokatzen duena, eta tokikotik Garapen Jasangarriko Helburuak lortzen eta egungo bizikidetza-eredu globala eraldatzen laguntzen duena.

Lankidetza-politikaren ezaugarri diren zeharkako ikuspegiak eguneratzen dituen plana: eskubideen ikuspegia duena, feminista, ekologikoa eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzakoa.

Legegintzaldi honetarako 2022-2024 aldirako tarteko ebaluazioa egingo da eta, era berean, 2027ra arte lanaren edukia gidatuko duten hurrengo urratsak bultzatzeaz gain, jarduera-ildo berriak eta horiek Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatzea  bideratuko du:

  •  Ikuspegi estrategikoa finkatzea, inpaktu- eta eraldaketa-ahalmen handiagoarekin.
  •  Arreta xede-biztanleriaren premietan eta interesetan jartzea, aldaketa-eragile gisa elkartasun aktiboan eta gizarte zibil antolatuan oinarrituta.
  •  Gizarte-eragina duten politikak ezartzea: gizarte-oinarria zabalduz  lurraldeko sektore eta eragileak interpelatu eta inplikatuko dituztenak; Bizkaiaren eta bere eragileen gaitasunak eta ahalmenak ahalik eta gehien aprobetxatuz.
  •  Sailen eta erakundeen arteko koordinazioa eta osagarritasuna sustatzea, Giza Garapen Jasangarriaren alde Bizkaiko eragileen arteko koherentzia eta erantzunkidetasuna hobetzeko.
  •  Legegintzaldian zehar BFAren aurrekontu erabilgarriaren % 0,7 lortzeko lan egitea.