ALDAKETA BFAren LANKIDETZA-POLITIKAN: PARTE-HARTZE PROZESUAREN AURRERAPENAK

Garapena

BFAko Gizarte Kohesiorako Zuzendaritzak lankidetza-politikan eraldaketak egiteko hasitako prozesuaren esparruan, apiriletik maiatzera bitartean elkarrizketa- eta kontraste-saio berriak egin dira gizarte-erakundeekin. Saio horietan, Zuzendaritzak hautatutako Eremu Estrategikoari nola heldu hausnartzen jarraitu da: Gizartea eraldatzeko ezinbestekoa den agenda feminista.

Otsailean eta martxoan GGKEekin, alde batetik, eta agente ez-tradizionalekin, bestetik, izandako topaketen ondoren, joan den maiatzaren 14an bilera bateratu bat egin zen. Bertan, bai Lankidetzaren eremuko erakundeek, bai sektoreari zuzenean lotuta ez daudenek, ikuspegiak trukatu zituzten eta ekarpenak egin zituzten, besteak beste, zein izango litzatekeen eragileek Lankidetza proiektuetan izan beharko luketen rola eta parte-hartzea, edo zer artikulazio- eta koordinazio-gune beharko liratekeen eraldaketa-prozesuak hobetzeko.

Gainera, kontraste-guneak ireki dira beste eragile batzuekin, zehazki, Hegoalde Globaleko emakumeen eta feministen erakundeekin eta Bizkaiko hainbat udalekin. Horiekin, Bizkaiko hainbat udalerritako eta Euskal Fondoako ordezkari politikoak eta teknikariak bildu ziren apirilean, balizko lankidetza-dinamikak zehazteko. Hegoaldeko erakundeen kasuan, Zuzendaritzak elkarrizketa-prozesu bat hasi du testuinguru desberdinetako 7 erakunderekin (Rasil, Guatemala, Egipto, Peru, Sahara eta El Salvador), guztiak ere BFAk finantzatutako proiektuak batera garatzen dituzten euskal GGKEetako bazkideak. Lehen bileran, apirilean, BFAren proposamenari buruzko iritziak trukatu ziren, eta erakundeek beren ikuspegiak eman zituzten lankidetza-politikaren aldaketek eraldaketa feministak lortzen laguntzeko gakoei buruz.

Ekainean saio berriak egingo dira eragileekin, eta elkarrizketa-prozesuaren lehen fasea itxiko da.