Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sarea

Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako ekainaren 20ko 4/2018 Foru Araua onartuta, Bizkaiko Lurralde Historikoan emakumeen eta gizonen berdintasun erreal eta eraginkorraren alde lan egiteko konpromisoa eta helburua bere gain hartzen ditu, eta, haren bidez, berdintasun hori lortzeko beharrezkoak diren baldintzak lortzen direla bermatzeko neurriak arautzen ditu.

Tokiko gobernuek funtsezko eginkizuna betetzen dute berdintasun-politikak sustatzeko, eta Bizkaiko udalerrien eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lan koordinatua eta bateratua ezinbestekoa da berdintasun-politikak eraginkortasunez bultzatzeko; horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 22ko 127/2020 Foru Dekretuaren bidez, Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde-sarea arautzen da (PDF, 369 KB), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko udalerrien artean lan egiteko eta koordinatzeko espazio gisa eratu dadin, Bizkaiko Lurralde Historikoan berdintasunaren arloko politikak bultzatzeko.

Haren helburua da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan hausnarketarako, elkarrizketarako eta koordinaziorako espazio komun bat eskaintzea, eta, gainera, berdintasun-politikak azpimarratu eta sendotu nahi ditu toki-mailan eta berdintasun-atalen eginkizuna indartu, kontuan hartuta Bizkaiko Lurralde Historikoaren errealitatea mota askotakoa dela.

SAREAN PARTE HARTU!

Kontsultatu parte hartzeko behar den informazio guztia.

BEHARREZKO INFORMAZIOA

Udalerri parte-hartzaileak

Erakutsi informazio testuala

Ez dago udalerri parte-hartzailerik.

LURRALDE SAREAREN OSAERA

Lurralde Sarearen lanaren informazio-, jarraipen- eta ebaluazio-organoa da, bai eta toki mailan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloa sustatzeko eta etengabe hobetzeko gunea ere. Urtean behin bilduko da gutxienez, eta honela osatuko da:

  • Presidentea: Teresa Laespada Martinez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailaren foru diputatua.
  • Presidenteordea: Lurralde Kontseiluko ordezkarien artean izendatzen den alkate bat. Gaur egun Consuelo Castellanos Jimenez Leioako Berdintasunerako zinegotzia da.
  • Idazkaria: Trinidad L. Vicente Torrado, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendaria.
  • Sarea osatzen duten udalerrietako alkateak, beren ordezkaritza berdintasun arloko zinegotzien esku utzi dezaketenak.

Batzarraren funtzioak ondoko hauek dira:

  • Sarearen helburuak erdiesteko egokitzat jotzen diren ardatz estrategikoak, urteko lan-planak eta lantaldeak onestea.
  • Sarearen Kontseiluaren mahaikideak onestea.
  • Udalerriek Sarean parte hartzeko bete behar dituzten konpromisoak onestea.
  • Sarearen jardunbide egokia zaintzea.
  • Toki mailan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko esperientziak eta ekimenak trukatzeko eta partekatzeko gunea izatea, Bizkaiko Lurralde Historikoaren askotariko udal errealitatea kontuan hartuta eta, bereziki, udalerri txikietan arreta jarrita.
  • Bizkaiko udalerrietan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eta indarkeria matxistaren arloan informazioa modu sistematikoan biltzeko jarraibide eta adierazle partekatuak adostea, Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiarekin lankide jardunik.

Azken Batzarra: 2024/11/13

Hurrengo Batzarra: 2025/12/02

Foru-administrazioaren eta toki-administrazioen arteko etengabeko koordinazio-organoa da, sarearen lana bultzatzeko, jarraipena egiteko eta etengabe ebaluatzeko. Urtean hiru aldiz bilduko da gutxienez, eta Berdintasun Zuzendaritzak deituko ditu bilkurak. Honela osatuta dago:

  • Presidentea: Trinidad L. Vicente Torrado, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendaria.
  • Mahaikideak: 7 alkate; emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskumena duten zinegotziei eskuordetu ahal izango diete beren ordezkaritza.

    Mahaikideak

    UDALERRIA KARGUA IZENA
    LEIOA Berdintasunerako zinegotzia Consuelo Castellanos Jiménez
    ELORRIO Berdintasun, turismo eta ondareko zinegotzia Alazne Mendizabal Santamaria
    MUNGIA Gizarte ekintza, berdintasuna eta gazteriako zinegotzia Bakarne Egia Larrauri
    PORTUGALETE Gizarte zerbitzu, turismo eta berdintasunerako zinegotzia Loli Torres Lorenzo
    AREATZA Alkateordea eta Berdintasunerako zinegotzia Inma Valiente Sánchez
    ZAMUDIO Alkateordea eta kultura, kirola eta berdintasunerako zinegotzia Itziar Landeta del Cura
    GUEÑES Gizarte ekintza eta berdintasunerako zinegotzia Zigor Marcos Egurrola
  • Idazkaria: Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzako langileak.

Kontseiluaren funtzioak ondoko hauek dira:

  • Tokiko berdintasun-politikak modu koordinatuan sustatzea, jarduera-irizpide partekatuak adostuz, lurralde-programak eta lurralde-ekimenak bultzatuz, udalerrien aniztasunaz jabeturik eta, bereziki, udalerri txikien errealitatea kontuan hartuta.
  • Batzarrari proposatzea zer konpromiso bete behar dituzten udalerriek Sarean parte hartzeko.
  • Urteko lan-planak ezartzea eta horien jarraipena egitea.
  • Berdintasunaren arloko teknikariek eta lantaldeek proposatzen dituzten neurriak, ekimenak eta programak aztertzea eta Batzarrari jakinaraztea, eta, hala badagokio, udalerrietan bultzada eta ezarpena sustatzea.
  • Bizkaiko Lurralde Historikoan berdintasun-politikak hobetzeko beharrezkotzat eta positibotzat jotzen diren neurriak eta ekintzak proposatzea.

Lurralde Kontseiluaren azken bilera:  2025/05/22

Lurralde Kontseiluaren hurrengo bilera: 2025/10/02

Sarea osatzen duten udalerrietako berdintasunerako teknikarien eta, hala badagokio, berdintasunaren arloan eskumena duten udalaz gaindiko erakundeen baterako lan-eremu koordinatua da, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzak bultzatua. Lan-saioak eta aldizkako bilerak antolatzen dira, honako helburu hauekin:

  • Toki mailan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko esperientziak eta ekimenak elkarrekin eraikitzeko, hausnartzeko eta ezagutza trukatzeko eremu teknikoa izatea.
  • Neurriak garatzea eta proposatzea udalaren administrazio-jarduera berdintasunaren ikuspegia txertatzera egokitzeko, ikuspegi intersekzionaletik, eta neurriak hartzea genero-ikuspegia udal politika guztietan txertatze aldera.
  • Udalerrietan esku hartzeko behar eta lehentasun teknikoak identifikatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan udalerrientzat xedatzen diren programak edo foru zerbitzuak diseinatzeko.
  • Berdintasunaren arloko ekintzak eta programak tokiko esparrutik garatzeko lan koordinatua eta jarduera-irizpideak bateratzea bultzatzea, programak, materialak edota gidak batera landuz, besteak beste.

Egindako lan guztiaren berri emango zaie Lurralde Sarearen Kontseiluari eta Batzarrari.

Berdintasun teknikarien lan-gunearen azken saioa: 2025/06/09

Berdintasun teknikarien lan-gunearen hurrengo saioa: 2025/09/16

Sareari atxikitako udalerrietako ordezkari politiko eta teknikoen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lan-espazio koordinatua da. Aldizkako lan-saioak antolatzen dira, honako helburu hauekin:

  • Berdintasunaren arloko hausnarketa, ikaskuntza, elkarrizketa eta koordinazioa.
  • Tokiko berdintasun-politikak eragitea eta indartzea, eta berdintasun-arloek udaletan eta, hala badagokio, berdintasunean eskumenak dituzten udalaz gaindiko erakundeetan duten zeregina indartzea.

Batzarrak, Kontseiluak eta berdintasunerako teknikarien lan-guneak planteatutako interes eta beharrei erantzuten dieten lan-ildoen arabera antolatzen dira saioak.

Lan-gune politiko-teknikoaren azken saioa: 2025/03/31

Lan-gune politiko-teknikoaren hurrengo saioa: 2025/10/16

LURRALDE SAREAREN KOORDINAZIOA

Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritza arduratzen da Lurralde Sarea koordinatzeaz. Besteak beste, ardura eta zeregin hauek hartzen ditu bere gain:

  • Sarean sartzea eskatzen duten udalek Sarean sartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea eta horien jarraipena egitea.
  • Legegintzaldi bakoitzeko ardatz estrategikoak prestatu, garatu eta ebaluatzea, Batzarrean onar daitezen.
  • Udalerrietako berdintasun-teknikarien sarea sustatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko politikak hobeto kudeatze aldera.
  • Metodologien, datu-baseen eta informazioaren erabilera erraztea, estandar eta adierazle komun batzuekin.
  • Lurraldeak berdintasunaren arloan dituen premiei erantzuteko ekintzak planifikatzea eta gauzatzea, eta udalekin batera neurriak ezartzea, Bizkaian emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra erdieste aldera.
  • Parte hartzeko bide iraunkorrak ezartzea kolektibo feministekin, emakume-elkarteekin eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan udal mailan lan egiten duten gizarte-erakundeekin.
  • Sarearen jardunbide egokirako beharrezkoak diren baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak izatea.

LANTALDEAK

Organoez eta berdintasunerako teknikariekin eta udal ordezkari politiko eta teknikoekin sortutako lan-guneez gain, Lurralde Sarean lantalde puntual edo iraunkorrak sortuko dira ardatz estrategikoak betetzeko eta lan-planak aurrera eramateko.

Hala nahi duten udalerriek hartuko dute parte lantalde horietan, eta dagozkien teknikariak eta/edo politikariak izendatuko dituzte, helburuen eta lan gaiaren arabera. Udal bakoitzak erabakiko du bere parte hartzea, baina horietan lan egitera sartuz gero, parte hartzeko konpromisoa hartuko da, lantalde bakoitza eratzen den lana amaitu arte.

Lantzen diren gaiak anitzak izango dira berdintasun politiken esparru ezberdinak landuz, eta ahal den heinean, Bizkaiko udalerrien ezaugarri eta errealitateei erantzuna emanez.

BERDINTASUNERAKO TOKIKO EGITURAK GEOBIZKAIAN

Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sarea GeoBizkaian ere badago, eta toki mailako berdintasun-politiketarako gunea hartu dugu bertan. Informazioa esteka honen bidez eskura dezakezu.

Toki-administrazioaren jardun publikoan genero-ikuspegia txertatzeko plangintza, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, beharrezkoa da horretarako egiturak, langileak eta tresnak izatea. Udal eta mankomunitateen mailan baldintzen deskribapena (langileak, berdintasunerako eta indarkeria matxistari arreta emateko baliabideak eta tresnak, Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sareko kide izatea, etab.) eskuragarri dago orain GeoBizkaian grafikoki ikusteko, eta informazio hori hainbat formatutan deskarga daiteke Open Data Bizkaiaren bidez.

Datu multzo honen helburua da Bizkaiko udalerri eta mankomunitateetako berdintasunerako tokiko politiketarako tresnen eta egituren garapen-egoera erakustea.