Berriak

2023ko urtarrilakren 30a 10:57

Bizkaiko Foru Aldundiak foru erakundearen partaidetza ereduari buruzko Eztabaida-Foroa egin du

Bizkaiko 36 herritarrek sakon aztertu dute eredua, eta 24 gomendio proposatu dituzte aurrera egiteko eta hobetzen jarraitzeko.

Foru erakundearen parte-hartze ereduari buruzko eztabaida-foroa

Urtarrilaren 28an, larunbata, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako herritarren parte-hartzeari buruzko Eztabaida-Foroa egin da Bilboko Euskalduna Jauregian.

Aldundiak bultzatutako bigarren Eztabaida-Foroa da, joan den maiatzean herritarren arretarako zerbitzuarekin lotutako lehen foro bat garatu zuena. Foro horren bidez 22 gomendio jaso zituen, eta horietatik 19 ezartzeko konpromisoa hartu du.

Eztabaida-Foroa herritarren partaidetzarako tresna aurreratua da. Bertan, aukera-berdintasunaren printzipiotik aukeratutako pertsona-talde bat biltzen da, interes publikoko gai bati buruz hausnartzeko eta hainbat gomendio egiteko. Ildo horretan, Eztabaida-Foro bat herritarrek politika eta zerbitzu publikoak hobetzera bideratutako lankidetza-ariketa bat da.

Foroa hainbat dinamikaren bidez garatzen da. Dinamika horiek adituen informazioa eta parte-hartzaileek taldean egiten duten eztabaida konbinatzen dituzte, herritarrek ematen dituzten gomendioek ikuspuntu guztiak kontuan har ditzaten eta, beraz, gomendio kualifikatuak izan daitezen.

Foroa Leyre Vitoricak aurkeztu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Onerako eta Gardentasunerako zuzendariak. Honako gai hauek eztabaidatu ziren: parte-hartzea gehiago hurbiltzeko eta parte-hartzearekin konprometitutako pertsona gehiago lortzeko modua, partaidetza errazago eta intuitiboago egiteko modua eta parte-hartzearen eragina eta balioa hobeto ikusarazteko modua.

Jasotako gomendioak Herritarren eta Gizartearen Partaidetzarako Foru Plan berria egiteko prozesuan sartuko dira. Plan hori aurten garatuko da, eta 2020-2023 Planaren lekukoa hartuko du.


Argazkiak