2025ko apirilaren 2a 09:47

Bizkaiko Foru Aldundiak amaitu du Bizkaian Haur eta Nerabeen Kontseiluak sortzeko udalekin egin beharreko lanaren lehen fasea, eta bigarren fase bat iragarri du.

Apirilaren 2an, Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak udalekin Bizkaiko Lurralde Historikoan Haur eta Nerabeen Kontseiluak sortzeko bultzada emateko lan-saioen lehenengo faseari amaiera jarri zion, beste fase bat hasteko asmoz.

BAT dorreak proiektuaren lehen faseko azken lan-jardunaldia hartu du. Joan den irailaren 20an hasi ziren lanean, 6 saiotan, Bermeo, Balmaseda, Etxebarri eta Turtziozko udalek. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan dute beren udalerrietan Haur eta Nerabeen Kontseiluak abian jartzeko ibilbide-orria diseinatzeko eta ezartzeko.

Proiektu honen helburua prestakuntza, tresnak eta laguntza eskaintzea da, haur eta nerabeek beren iritziak emateko eta udaletatik egiten diren proiektuak aberasteko bideak izan ditzaten.

Ekitaldi honetan UNICEFek eta Ermuko Udalak ere parte hartu dute. Ermuako udalak, udalerri honen esperientzia partekatu du, duela 8 urtetik hona Haurren Kontseilua baitu.

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ager Izagirrerekin batera izan da Gobernamendu Onaren, Herritarrenganako Laguntzaren eta Zerbitzu Digitalen zuzendari nagusi Josu Llano, eta biek beste udalerri-talde batekin lan fase berri bat iragarri dute.

Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza ekonomikoa ematen jarraituko du, partaidetza-proiektuetarako dirulaguntzen bidez, eta udalerriei babesa eta laguntza ematen jarraitzeko aukera landuko du, Haur eta Nerabeen Tokiko Kontseiluak abian jartzeko prozesuan zehar.

Bizkaiko Foru Aldundiak ibilbide zabala du dagoeneko parte-hartzearen eremuan, eta indarrean dagoen Herritarren eta Gizartearen Partaidetzarako III. Foru Planarekin, besteak beste, beste urrats bat eman nahi du, eta partaidetza gazteenengana hurbildu.

Ager Izagirren hitzetan, "haurrak eta nerabeak Bizkaiko biztanleriaren % 17 dira. Beraiek dira kezkatzen dituenaz, interesatzen zaienaz eta aldatu nahi dutenaz hor hitz egin behar duten pertsonak. Haiek dira beraiei dagozkien gaiei irtenbideak ematen lagun diezaguketen pertsonak. Horiek etorkizuneko udalerriek izan behar dutenaren arrastoak emango dizkigute. Bizkaiko Foru Aldundiak dagokien lekua eman nahi die. 2024an Euskadiko Haur eta Nerabeen Legea onartzea mugarri handia da, baina badakigu benetako aldaketa ez dagoela legeriaren mende soilik”.


Argazkiak