Bizkaiak herritarrei zabaldu die administrazio digitalari buruzko arau berria

2026/07/15

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du parte-hartze prozesu bat, herritarrek sektore publikoaren eraldaketa digitalari eta bitarteko elektronikoen erabilerari buruzko foru-arau berriaren zirriborroa ezagutu dezaten eta ekarpenak egin diezazkioten. Entzunaldirako eta jendaurreko informaziorako epea irekita egongo da 2026ko uztailaren 27ra arte, eta fase horretan, herritarrek ekarpenak egin ahal izango dizkiote araudiari egoitza elektronikoaren bidez.

Teknologiaren eta komunikazioaren teknologiak kontutan hartuta berrikuntza eta eraldaketa digitala sustatzeko oinarriak eta araubide orokorra finkatzen ditu foru-arauak.

Helburutzat du aurrera egitea Administrazio hurbilagoa, ulerterrazagoa, arinagoa eta fidagarriagoa lortzeko, teknologia digitalak arreta eta zerbitzu publikoak hobetzeko erabiltzen dituen Administrazioa, eta inor baztertuko ez duena.

Jarduketa digitalaren printzipioak

Foru-arauaren zirriborroak ingurune digital konplexuetarako berme espezifikoak biltzen ditu, honako hauek ezarrita: administrazio digital ona, leihatila digital bakarra eta irtenbide digitalak ezarri aurretik inpaktu teknologiko, juridiko eta etikoa ebaluatzeko betebeharra.

Arauak jarduketa digitalerako oinarrizko printzipio batzuk jasotzen ditu:

  • Etengabeko berrikuntza, zerbitzu publikoak etengabe hobetzeko.
  • Berdintasuna eta diskriminaziorik eza.
  • Proaktibitatea. Ahal denean pertsonen premiak aurreikustea.
  • Pertsonalizazioa. Arreta pertsonalizatuagoa ematea.
  • Datuetan oinarritutako kudeaketa. Datuak arduraz erabiltzea kudeaketa publikoa hobetzeko.
  • Sinplifikazio administratiboa. Izapideak arintzea eta erraztea.
  • Kanal orotako arreta. Hainbat kanaletatik erantzutea, nola digitaletatik, hala aurrez aurrekoetatik, beharrezkoa denean.
  • Irisgarritasuna eta gardentasuna ziurtatzea. 
  • Neutraltasun teknologikoa. Teknologia jakin batekiko mendekotasuna saihestea.
  • Elkarreragintarritasuna ("behin bakarrik"). Herritarrei ez behin baino gehiagotan eskatzea Administrazioak badituen datuak, baldin eta hori posiblea eta legezkoa bada.
  • Segurtasuna eta datu pertsonalak babestea.
  • Administrazioen arteko lankidetza sustatzea.

Adimen artifiziala arautzea

Foru-arauak datuetan oinarritutako administrazio-eredu baten alde egiten du, helburutzat izanik zerbitzuak pertsonalizatzea eta zerbitzu publiko proaktiboen bidez herritarren beharrak aurreikustea.

Berritasunetako bat da foru-sektore publikoan adimen artifizialeko sistemen erabilera arautzen duela. Sistema horien erabilerak legezkotasuna errespetatu beharko du, proportzionatua izan beharko du eta gardentasunez azaldu beharko da. Gainera, sistema horiek martxan jarri aurretik, ebaluatu, komunikatu eta publikoki erregistratu beharko dira, eta gainbegiratze-mekanismoak eduki beharko dira. Administrazioak kasu bakoitza irizpide propio edo subjektiboarekin baloratu behar duen esparruetan erabakiak hartzeko adimen artifiziala erabiltzea baztertzen du, gainera, arauak.

Prozesu guzti hori zibersegurtasun-eredu indartu batean eta langile publikoen etengabeko prestakuntzan oinarritzen da, eraldaketa digitala bermeekin gauzatu dadin.

Foru-arau berria 2027ko Bizkaiko Agenda Digitaleko proiektuen parte da; agenda horrek gobernu digital berritzailea, etikoa eta herritarrentzako hurbila sustatu nahi du.

IKUSI SARRERA GUZTIAK