Adiskidetza Digitala ekimenak inklusio digitala sustatzeko prestakuntza-baliabideak dituen webgune berria estreinatu du

2026/06/19

Adiskidetza Digitala Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da, administrazio hurbilagoa, inklusiboagoa eta herritarren errealitate ezberdinetara egokitua lortzeko bidean aurrera egiteko. Ekimen honen helburua da, zailtasun gehiago dituzten kolektiboei edo kudeaketa digital bat egiteko harresi bat aurkitzen dutenei, zerbitzu publikoetarako sarbidea muga diezaieketen arrakala digitalak murriztea, ekimen eta ekintza zehatzen bitartez, arreta pertsonengan eta haien benetako beharretan jarrita.

Arrakala digitala ez da sortzen soilik gaitasun digitalak falta izateagatik, baizik eta administrazio-prozesuen eta plataformen irisgarritasunaren konplexutasunagatik ere bai. Bizkaiko Foru Aldundiak bere ingurune digitaletan hizkera argia erabiltzearen aldeko apustua egin du inklusio digitalari mesede egiteko.

Adiskidetza Digitala ekimenak webgune berri bat dauka, erreferentziazko espazio bat prestakuntza-baliabideak, ekimenak eta inpaktua xehetasunez ezagutu ahal izateko.

Arrakala digitala murrizteko prestakuntzak

Aurrez aurreko prestakuntza: prestakuntza-tailerrak Bizkaiko hainbat udalerritan, egunerokorako teknologia erabilgarriari buruz.

  • 1. tailerra: Segurtasuna eta konfiantza digitala. Interneten seguru nabigatzen ikasteko, eta arriskuak identifikatu eta zure informazio pertsonala babesteko.
  • 2. tailerra: AA zure egunerokotasunerako. Ikasteko Adimen Artifizialak nola lagundu diezazukeen mezuak bidaltzen, egutegia antolatzen, erosketa-zerrenda prestatzen eta askoz ere gehiago egiten.

Online prestakuntza, gaikuntza digitala, oinarrizkoa nahiz aurreratua, bideo eta tutorial errazen bitartez.

  • Oinarrizko prestakuntza: Ikasi mugikorra erabiltzen eta aplikatu zure egunerokoan. Telefono mugikor adimenduna erabiltzen hasteko prestakuntzak, honako hauek erabiltzen ikasteko: WhatsApp aplikazioa, webguneak, posta elektronikoa, Internet eta egunerokorako aplikazio oso erabilgarriak.
  • Prestakuntza aurreratua: Interneten modu seguruan nabigatzen ikasi. Segurtasunari eta konfiantza digitalari, zure egunerokorako AAri, Internet bidezko erosketei eta banka digitalari, administrazio elektronikoari, adinekoentzako turismoari eta smartphone baterako beste erabilgarritasun batzuei buruzko prestakuntzak.

Tailer hauek egiteko modua malgua da, erabiltzaileek aukera dezakete tailer guztiak osorik egin nahi dituzten edo interesgarrientzat jotzen dituztenak hautatu nahi dituzten.

Bizkaiko Foru Aldundia lanean ari da herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta lurraldeak aurrera egiteko, Bizkaiko Agenda Digitala 2027 egitasmoaren barruko Adiskidetza Digitala eta antzeko proiektuen bitartez.

IKUSI SARRERA GUZTIAK