Balio naturala

Las Lastrasko Maza de Pando mendiaren panoramika (Bernales)

1997an, Eusko Jaurlaritzak proposatu zuen Ordunteko Mendiak Natura 2000 Sareko leku izendatzea. Europar Batzordeak izaera hori berretsi zien 2003an, eta horren bidez finkatuta geratu zen Europaren interesa, esparru horretako naturaren kontserbazio eta babesari dagokienez.

Ordunte BGL (Batasunaren Garrantzizko Lekua) Bizkaiko lurraldean dago osorik, nahiz eta mendi horietako hegoaldeko magalak Menako Haraneko Basoak izeneko BGLn dauden (Burgos).

Ordunteko ezaugarri nagusia da bertan dagoela EAE osoko estaltze motako zohikaztegi aktibo bakarra (7130* habitata). Horrelako habitatak ohikoak dira Europako mendebalde eta ekialdeko eskualde ozeanikoetan, baina gutxitan aurkitzen ditugu Iberiar Penintsulan. Zohikaztegi hori habitat mota horren europar banaketaren hegoaldeko muga da, eta Iberiar Penintsularen ekialdeko muga ere bai. Gainera, Ordunteren beste ezaugarri bat da EAEko gune higroturbosoen azalera handiena hartzen duela (txilardi hezeak-4020* habitatata padurak-esfagnalak-7140). Habitat horien guztien presentzia da leku hau Natura 2000 esparru izendatzera eraman zuen arrazoi nagusia. Gune hauek belardi menditarrez osatutako larre-matrize batean daude kokatuta, nardus stricta (6230* habitata) eta txilardi lehorrekin (4030), eta behi- eta zaldi-aziendek aprobetxatzen dituzte.  

Hala eta guztiz ere, Ordunte BGLk baditu beste balio batzuk europar eskalan. Baso naturalak pagadi azidofiloak (9120) eta ameztiak (9230) dira, hau da, gehienbat silizeoa den leku bati berez dagozkionak; horrez gain, baina, sakan eta magal-aldeetan haltzadiak ere garatzen dira (91E0* habitata), eta hor badira Batasunaren interesekoak diren iratze paleotropikalen populazio batzuk, alegia, Woodwardia radicans eta Trichomanes speciosum espezieen populazio batzuk.

  • Ordunte logoa
  • Life logoa
  • Natura 2000 logoa