Peruko kooperazio proiektuek egiaztatu dute zonalde zaurgarrietan aurrera egiteko nahitaezkoa dela emakumeen egoera hobetzea

  • Bizkaia kopera
  • Garapena

Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritza batek Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatutako proiektuak bisitatu zituen apirilean Liman, Iquitosen eta Piuran.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritza batek —Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatu Teresa Laespada buru duenak— Perura bidaiatu du aste honetan, bertan finantzatutako hainbat garapenerako lankidetza proiektu bisitatzeko. Hala, egiaztatu dute emakumeek eta neskatoek bizi duten egoera zaila hobetzea ezinbestekoa dela zonalde zaurgarrienetan aurrera egiteko.

Lankidetzarako eta Dibertsitaterako zuzendari Ignacio Rodríguez eta Berdintasuneko zuzendari Patricia Campelo ere bertan izan dira. Peruko hiriburuan, Liman, hasitako ibilbideak Iquitos eta Piura hirietara eraman ditu ordezkariak. Besteak beste, Alboan, Zabalketa, Athletic Club fundazioa eta Proclade Yanapay fundazioaren bidez garatutako proiektuak dira, zeinek honako filosofia hau duten oinarri: emakumearen egoera hobetu eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeaz gain, nekazaritza-garapena eta pertsonaren duintasunarekiko errespetua sustatzea, giza eskubideen ikuspegitik.

Laespada diputatuak azpimarratu du berdintasunik gabe ez dagoela gizarte duin bat lortzerik; hori dela eta, Bizkaiko Garapenerako Lankidetzak, dagoeneko bi hamarkadako ibilbidea egin duenak, berdintasunean oinarritutako begirada bat du, zeharkakoa bihurtu dena.

Ildo horretatik, diputatuak onartu du COVID-19aren pandemiak eta Ukrainaren inbasioak eragindako azken gertakariekin eta hiru milioi pertsonatik gorako errefuxiatuekin inoiz baino arrazoi gehiago ditugula lankidetzan aritzeko. Ukrainiatik alde agin duten hiru milioi errefuxiatuak gehituta, mundu osoan 80 milioi errefuxiatu baino gehiago daude dagoeneko.

Pobretuek arrakala global sakonagoa jasaten dute. Eta, beste behin, galtzen ateratzen dira. Batez ere emakumeak eta neskak dira kalte gehien jasaten dutenak. Hegoalde globalarekin lankidetzan aritzeko arrazoi gehiago ditugu. Nazioarteko lankidetza inoiz baino beharrezkoagoa eta premiazkoagoa dugu. Elkartasuna sendotu behar dugu, gehitu du.