Aldundiak Latinoamerikako landa-eremuetako emakume liderren goi-bilera batean parte hartuko du

Teresa Laespada eta Gloria Helfer.
  • Garapena
  • Sentsibilizazioa

Landa-eremuko Emakume Agintarien Nazioarteko II. Goi-bilerak hainbat herrialdetako berrogeita hamarretik gora emakume bilduko ditu Cuscon (Peru)

Teresa Laespada diputatu nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko  foru-diputatuak Landa-eremuko Emakume Agintarien Nazioarteko II. Goi-bileran parte hartuko du, astelehen eta ostegun bitartean, Peruko Cusco herrian.

Goi-bilera horretara Natxo Rodríguez Bizkaiko Gizarte Kohesioa Sustatzeko zuzendariarekin eta Natividad López de Munain Burgeluko (Araba) alkate eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko Zuzendaritzako kidearekin joango da.

Landa-eremuetako emakume liderren bigarren goi-bilera honek aipatutako euskal agintarien ordezkaritza izango du, Peruko, Kolonbiako edo Boliviako beste agintari batzuekin batera. Topaketaren leloa honako hau da: «Tokiko emakumeen aurrerapenak eta irismenak beren kudeaketa politikoan».

Laespada diputatuak adierazi duenez, topaketa honetan garrantzitsuena da emakume horien ahotsa entzutea; izan ere, tokiko eremu oso isolatu eta zailetan kargu politikoak eta erantzukizun publikoak betetzen dituzten emakumeak dira, zeinek indarkeria-testuingurua pairatzen baitute emakume politikoak izateagatik. Emakume horiengandik ikasiko dugu, haien errealitatea ezagutuko dugu eta lankidetza-sareak ehunduko ditugu.

Ildo horretan, honako hau zehaztu du: behar-beharrezkoa da leku askotan zer gertatzen den jakitea, zelako egoera zailak bizi dituzten emakume horiek, batez ere toki-eremutik.

Landa-eremuko emakumeak ahalduntzeko proiektu baten barruan kokatu behar da goi-bilera, Zabalketa Elkarteak eta Cáritas Cuscok sustatua eta  Nazioarteko Lankidetzaren Euskal Agentziak (NLEA) kofinantzatua; Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien laguntza ere badu. Gainera, haren helburua da erabaki-esparru desberdinetako tokiko/eskualdeko emakume agintarien arteko interakzioaren  eta esperientzien balioa nabarmentzea, hainbat herrialde eta indigenen herrirekin konektatuta; beraz, Landa Inguruneko Emakumeen Nazioarteko Sarearen jardueren parte ere bada.www.redmujeres.net

Cuscon egongo direla baieztatu dutenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: Gloria Helfer (Peruko Hezkuntzako ministro ohia), Carolina Trivelli (Peruko Garapen eta Inklusioko ministro ohia), Ruth Luque (Cuscoko eskualdeko Peruko Errepublikako biltzarkidea), Noeli Esmeralda Loayza (Cuscoko eskualdeko gobernadoreordea), Luz Mery Canales (Peruko Icako eskualdeko gobernadoreordea), Jaquelin Jiménez Cuquitapa (Peruko San Sebastianeko alkatea), Clucy Rosmery Laguna (Peruko Espinarreko alkatea), Florinda Torres Rojas (Boliviako Mecapacako Udal Kontzejuko presidentea), Jenny Lucía Rivas (Kolonbiako Juradko alkatea), Andrea Porco (Boliviako Komarapako Udal Kontseiluko presidentea), .Gloria Soto (Funtzionarioak usteltzeko delituetan espezializatuko Cuscoko fiskala) edo María Luisa Vegas (Peruko Mainaseko probintzia-fiskala -emakumearen aurkako delituak eta familia-taldekoak- Richard Daniel Alarcón Cuscoko artzapezpikuak ere parte hartuko du.

LEHENENGO GOI-BILERA

Bigarren goi-bilera honek jarraipena ematen dio iazko martxoan egin zen lehenengoari, Zabalketak eta Cáritas Cuscok eta Chuquibambillak sustatuta,aipatutako erakundeen laguntzarekin. Goi-bilera horretan 50 bat emakume kargu publikodun bildu ziren, emakumeok landa-eremuko 20.000 emakume ordezkatzen zituzten,12 lurrraldetakoak eta Kolonbia, Bolivia, Peru eta Espainiako hainbat erakundetakoak. Goi-bilera amaitzean, parte-hartzaileek "Cuscoko Adierazpena" sinatu zuten.