KIROL EKITALDIAK ETA LEHIAKETAK

2026ko Ekainaren 22a

TXIRRINDULARITZA

Aldundiak Ollarganeko Bike Parka amaitu du, Bizkaiko lehenengo flow linea eta lehenengo ziklo-kros zirkuitu iraunkorra irekiz

1.640 metroko flow line berriak eta Bizkaiko lehenengo ziklo-kros zirkuitu publikoak Ollarganeko bizikleta-ekipamendua osatzen dute. Bigarren faseak bi azpiegitura berri gehitzen ditu, enduroa, jaitsiera eta ziklo-krosa praktikatzeko direnak. Bike Parkak lurraldeko lehenengo flow linea eta 2,5 kilometroko ziklo-kros ibilbide bat ere baditu

Bizkaiko Foru Aldundiak Ollarganeko Bike Parkaren bigarren fasea inauguratu du, eta, horrela, erreferentziazko espazio bat osatu du hainbat txirrindularitza-modalitate egin ahal izateko. Jarduketa horri esker, ekipamendu horrek Bizkaiko lehenengo flow linea eta lurraldeko lehenengo ziklo-kros zirkuitu publikoa hartzen ditu, eta aukerak zabaltzen zaizkie kirolari, klub, eskola zein zaleei.

Nekazaritza eta Natura Inguruneko foru diputatu Arantza Atutxak parte hartu du fase berri honen inaugurazioan, eta nabarmendu duenez, Ollarganeko Bike Parka amaitzeak aukera ematen dio Bizkaiari erreferentziazko azpiegitura bat izan eta bertan hainbat txirrindularitza-modalitate egin ahal izateko; izan ere, espazio espezifiko bat eskaintzen du non jarduera horiek guztiak modu seguruan eta ordenatuan egin daitezkeen, natura-inguruneaz gozatzeaz batera. Era berean, adierazi duenez, proiektu honek zabaldu egiten ditu herritarrek aisialdi aktiborako dauzkaten aukerak eta sendotu egiten du Aldundiak kirolaren eta natura-ingurunearen arteko bizikidetza erraztuko duten espazioak egokitzeko duen konpromisoa.

Bigarren fase hau lehendik dauden instalazioei gehitzen zaie. Aurretik datozen instalazioen artean hauek daude: XCOrako zirkuitua —etengabeko igoerak eta jaitsierak egiten diren mendiko txirrindularitzaren modalitatea olinpikoa— eta dirt jumpeko jauzi-lerroa, ingurune kontrolatu batean jauziaren teknika ikasteko eta hobetzeko diseinatua.

Berrikuntza nagusia, baina, 1.640 metroko ibilbidea izango duen flow line bat abian jartzea da. Trazatu hori, enduroa eta jaitsiera bezalako modalitateetan erabili ohi dena, Malmasingo mendiaren hegaletako batetik Ollargan-Montefuerteko metropoli-parkera arte doa. Etengabeko jaitsiera bat da, bihurgune goratuak, jauzi txikiak eta eremu teknikoak dituena, esperientzia-maila ertaina duten pertsonei esperientzia dinamiko eta segurua eskaintzeko diseinatua.

2,5 kilometroko ibilbidea

Bike Park berrituak Bizkaiko lehenengo ziklo-kros zirkuitu publikoa ere badakar. 2,5 kilometroko luzera du ibilbideak, eta diziplina horren berezko ezaugarriak islatzen ditu: pedalei eragiteko eremuak oztopoekin, eskailerekin, kurba teknikoekin eta desnibel txikiekin konbinatzen ditu, lehiaketaren antzeko baldintzetan entrenatu eta aritu ahal izateko.

Bigarren fase hori amaitutakoan, Ollarganeko Bike Parkak aukera emango du espazio berean XCOa, dirt jumpa, enduroa, jaitsiera eta ziklo-krosa bezalako modalitateetan aritzeko, eta horrek guztiak berezi egiten du azpiegitura hau, bai bertan hainbat erabilera egin daitezkeelako, bai Bilboko metropoli-eremutik gertu dagoelako.

2025ean hasitako proiektua

Bigarren fase hau inauguratzeak burutu egiten du 2025ean hasitako proiektua; hain zuzen ere orduan ireki zen Ollargan-Montefuerteko Bike Parkaren lehenengo fasea, Euskadiko diziplina anitzeko lehenengo bike parka dena.

Lehenengo jarduketa hartan 4,8 kilometro baino gehiago jarri ziren erabilgarri ibilbide espezifikoak egin ahal izateko hainbat bizikleta-modalitatetan. Haien artean, Cross Country Olinpikoko (XCO) zirkuitu bat dago, nazioarteko lehiaketetarako irizpide homologagarriekin diseinatua, bai eta jauziak eta maniobrak ingurune seguru eta kontrolatu batean ikasteko eta hobetzeko dirt jump gune bat ere.

Harrezkero, espazio hori etengabe erabili dute txirrindulari-eskolek, kirol-klubek eta zaleek, eta Bizkaian mendiko txirrindularitzan aritzeko erreferentzia-puntu bihurtu da. Ohiko entrenamenduez gain, Bike Parkean nazioarteko kirol-probak eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak bultzatutako prestakuntza-jarduerak egin dira.

Argazkia eta albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA