2026ko Irailaren 11a

SASKIBALOIA

Aldundiak eta Surne Bilbaok hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko ekintzak bultzatuko dituzte denboraldi honetan

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak, Arantza Atutxak, eta Bilbao Basketeko presidenteak, Isabel Iturbek, aurkeztu dute akordioa. Honen barruan Harmaila Zirkularra, partidetako sentsibilizazio ekintzak eta zaleen birziklatze ohiturak ezagutzeko inkesta sartzen dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbikerren bitartez, eta Surne Bilbaok lankidetzan jardungo dute 2026/2027 denboraldian zehar zaleen artean hondakinen murrizketarekin, berrerabilpenarekin eta birziklapenarekin lotutako ohitura arduratsuagoak sustatzeko.

Ostegun honetan Arantza Atutxak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak eta Isabel Iturbek, Bilbao Basketeko presidenteak, akordioa aurkeztu dute Bilbao Arenan. Akordio honen bidez kirolak milaka pertsonarengana iristeko duen gaitasuna aprobetxatu nahi da modu errazean hondakin gutxiago sortzen, gehiago berrerabiltzen eta hobeto birziklatzen lagunduko duten mezuak helarazteko. Partida guztietan hondakinak sortzen dira eta guk ere gauzak hobeto egiteko aukera dugu. Keinu errazekin zaleek bat egitea nahi dugu: modu arduratsuan kontsumitu, ahal den guztietan berrerabili eta hondakinak ondo bereizi birziklatu ahal izateko, azpimarratu du foru diputatuak.

Bestalde, Bilbao Basketeko presidenteak adierazi duenez, akordio honek, gure iraunkortasun politika eta Bide Berdean proiektua bultzatu eta laguntzeaz gain, gure izateko eta egiteko moduarekiko sentikorrak diren abonatuak batzen jarraitzen laguntzen digu. Mundu guztiak saskibaloiaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dezan eta, gainera, familian edo koadrilan etortzeko aukera izan dezan errazteko modu bat da. Oso ilusionatuta gaude aliantza honek ekar diezagukeen guztiarekin.

Elkarlanaren ardatz nagusietako bat Harmaila Zirkularra izango da, 800 bat lekuz osatutako Bilbao Arenako goiko eraztunaren eremua. Harmaila honetan abonatzen diren pertsonek kontsumo arduratsuarekin, produktuak berrerabiltzearekin eta hondakinak behar bezala bereiztearekin lotuta dagoen konpromiso erraza hartuko dute. Gaur egun 250 pertsona inguruk egin dute bat ekimenarekin.

Lankidetzak, gainera, presentzia izango du denboraldi osoan, bai partidetan, bai klubaren kanal digitaletan. Sentsibilizazio-ekintzak hondakin organikoan oinarrituko dira bereziki, zaleei zuzendutako mezu, bideo, jarduera parte-hartzaile eta dinamikoekin, modu errazean era egokian nola bereizi behar den eta nola aprobetxa daitekeen azaltzeko. Osagarri gisa denboraldian zehar beste hondakin mota batzuk ere landu ahal izango dira.

Zaleen ohiturak ezagutzea

Era berean, akordioak zaleen ingurumen-ohiturak hobeto ezagutzeko aukera emango du. Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbikerren bitartez, Bilbao Basketen urteroko inkestan parte hartuko du kontsumoari, berrerabilerari eta birziklapenari buruzko galderak gehituz.

Bildutako informazioak aukera emango du ohitura horiek hobeto ezagutzeko eta denboraldian zehar garatutako ekintzen irismena baloratzeko.

Elkarlanak Bilbao Basket LAB eta Waste Lab Bizkaiaren, hondakinen prebentzioan eta ekonomia zirkularrean diharduen Bizkaiko Foru Aldundiaren gunearen, arteko jarduera bateratuak ere barne hartuko ditu. Helburua kirolarekin lotutako ekimenen bidez gai horiek publiko berrietara hurbiltzea izango da.

Argazkia eta albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA