2026(e)ko ekainaren 04(a) 09:34

Euskadin egindako altuerako erreskate teknikoari buruzko lehen jardunaldi handia egingo da asteburu honetan Bizkaia zubiaren inguruetan

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Ekainaren 5ean eta 6an, Estatuko hainbat lekutako larrialdietako ehun profesional baino gehiago izango dira inoiz ez bezalako ekitaldi batean, eta Bizkaia zubiaren inguruak soka bidezko erreskate teknikorako maniobren agertoki handi bihurtuko dituzte.

Bizkaia zubiaren inguruak Bizkaiko Erreskate Teknikoari buruzko I. Jardunaldiaren agertokia izango da, ostiralean eta larunbatean. Hitzordu aitzindaria da Euskadin, eta Estatuko hainbat autonomia-erkidegotatik iritsitako larrialdi- eta salbamendu-zerbitzuetako espezialistak bilduko ditu, altuerako erreskate-maniobretan eta -ariketetan parte hartzeko.

Soka Erreskate Teknikoen Sorosle Elkarteak (ARTCE-SETSE) antolatu du jardunaldia, Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren (PSSZ) laguntzarekin, eta Getxo eta Portugaleteko udalen eta Bizkaia Zubia entitatearen laguntza instituzional eta logistikoa ere izango du.

Bi egunetan, zubi esekiaren inguruan, itsasadarraren bi ertzetan, erreskate espezializatuarekin lotutako hainbat jarduera tekniko eta operatibo egingo dira, eta Gizateriaren Ondarea den gune hori erreferentziazko gune bihurtuko da larrialdietako prozedura aurreratuak ezagutzera emateko eta praktikan jartzeko.

Euskadin ezaugarri horiekin antolatutako lehen esperientzia izango da ekitaldia, eta hiri-agertoki berezietan egindako erreskateei buruzko topaketa teknikoak egiten dituzten Europako lurralde bakanen multzoan sartuko du Bizkaia.

Proba operatiboez gain, jardunaldian jarduera osagarriak egingo dira ezagutza teknikoa trukatzeko, prestakuntza espezializatua emateko eta larrialdi-zerbitzuek egindako lana ezagutzera emateko.

Jardunaldi honi esker, herritarrek hur-hurretik ezagutu ahal izango dute erreskate-taldeen funtzionamendua eta prestakuntza, eta larrialdiko esku-hartze konplexuetan koordinazioaren, berrikuntzaren eta segurtasunaren garrantzia nabarmendu ahal izango da.

este.proceso.puede.tardar.subiendo.archivo.servidor.ftp