Tutoretza

Foru Aldundiak ume baten administrazio tutoretza bereganatzeko duen arrazoi funtsezko eta nagusia hura BABESGABEZIAN dagoela adieraztea da.

Hauexek dira tutoretza mota honen ezaugarriak:

  • Berez eratzen da, legeak aginduta, epai prozedurarik gabe.
  • Babesgabezian dauden adingabekoak bakarrik hartzen dira tutoretzan.
  • Lurralde bakoitzean adingabeen babesa eratxikita duen erakunde publikoak izango du tutore kargua, Bizkaian Bizkaiko Foru Aldundiak hain zuzen ere.
  • Behin-behinekoa da, zeren beharrezkoa ez den denboran baino ez baitu iraun behar.
  • Berekin dakar guraso-ahala edo tutoretza arrunta etetea; beraz, horien titularrei euren eginkizunak kentzen zaizkie eta erakunde publikoak bereganatzen ditu. Hala ere, Kode Zibilaren 172.1. artikuluko azken lerroaldeak dioenez: "baliozkoak dira guraso edo tutoreek adingabearen ordezkari gisa burutu dituzten egintzak, baldin eta egintzok ondare-izaera badute eta adingabearentzat onuragarri gertatu badira".

Bizkaiko Lurraldean bizi den edo aldi baterako bertan den adingabe bat babesgabezian gertatzen bada, Bizkaiko Foru Aldundiak bereganatu behar du beraren tutoretza Gizarte Ekintza Sailaren bidez.

Ume edo nerabe bat babesgabezian dagoela adierazteko, babes-espedientea ireki behar da; ondoren behar diren neurriak har daitezke.