Sarrera

2013ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua; dekretu hori erreferentziako arautegi akustikoa da  foru eta autonomia mailako garraioko azpiegituren kudeatzaileentzat, hain zuzen ere zarataren arloari buruzko estatuko oinarrizko legeria (zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003  Legeko 4. artikulua) osatzen duelako.

Goian aipatu den Dekretu horretako 5. artikuluko f) letrak ezarri du Foru Aldundien eskumena dela zortasun akustikoko aldeak mugarriztatzea bere eskumeneko garraio-azpiegiturentzat.

Garraioko azpiegituren zortasun akustikoko aldearen definizioa hau da: garraiobide-azpiegitura bati lotutako lurralde-zerrenda, azpiegitura horren inpaktu akustikoaren gehienezko maila irudikatzen duena eta azpiegituraren funtzionamendua lurzoruaren erabilerekin bateratzen laguntzeko balio duena.

Agindu hau betetze aldera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Lan eta Garraio Sailak abiarazi egin zuen 2013ko ekainean arestion aipatu den Dekretuan foru titulartasuneko errepideen Zortasun Akustikoari dagokion Gunea mugatzeko ezarri zen prozeduraren izapidetzea, irailaren 18ko 4523/2013 Foru Aginduaren bidez (BAOn argitaratu zen data: 21013ko irailaren 24a) aipatu gunea onestea eragin zuena.  

Foru errepideen Zortasun Akustikoari dagokion Gunea onesteak zenbait legezko ondorio ditu, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumeneko bide-azpiegiturak eta lurzoruaren erabilerak bateragarri egiteko xedearekin; hortaz, 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan ezarririk dagoenarekin bat etorriz, ondoko hauek dira:

  1. Azpiegitura baten zarata-mapan eremu urbanizatu batean kalitate akustikoko helburuak betetzen ez direla hautematen bada, azpiegituraren titularrak zehaztu beharko ditu helburuok betetzera bideratutako neurri zuzentzaileak, bai eta haien lehentasunak ere, I. tituluko II. kapituluan jasotako eran.
  2. Zortasun akustikoko eremu baten barruan etorkizuneko garapen bat sustatuko duten pertsonek edo erakundeek 37. artikuluan aipatutako eragin akustikoari buruzko ikerketa egin beharko dute. Horrelakoetan, administrazio sustatzaileari dagokio hiri-garapenaren eremuko prebentzio akustikoko neurriak zehaztea. Azpiegitura guztitik 20 urteren buruan trafiko-baldintzarik okerrenak izango dituen lekuan egingo dira ebaluazioak. Trafikoaren egungo baldintzak hartuko dira kontuan. Horretarako, informazioa eskatuko zaio azpiegituraren titular den pertsonari edo erakundeari.
  3. Zortasun akustikoko eremuan hiri-garapen bat egiten baldin bada, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutako ikerketa akustikoari buruzko agiriak bidali beharko dizkio toki administrazioak hiri-garapenaren titular den pertsonari edo erakundeari, betiere, dagokion hirigintza-tresna hasiera batez onartu aurretik. Aipatu agiri horiek jaso ondoren, dekretu honetan aurreikusitako hots-kutsaduraren erregulazioari buruzko nahitaezko txostena egingo du hiri-garapenaren titularrak.
  4. Hirigintza-plangintzako tresnetan sartuko dira zortasun akustikoko eremuak.