Aktibazio energia

Aktibazio energia errekuntza erreakzioa abiatzeko beharrezko energia da.

AKTIBAZIO ENERGIEN MOTAK

Energia termikoa

Energia termikoa beroa sortzen duten energia-iturriek ekoizten dute, eta erregaiekin duten ukipenaren bidez edo bero-transmisiorako mekanismoen eraginez material erregai bat sutan jartzeko beste energia transmititu dezakete. Adib.: piztutako zigarroak, soldatze eta mozte tresnak, giro-baldintzak, labeak eta galdarak, sopleteak, etab.

Energia elektrikoa

Honela banatzen da:

  • Naturak eragindakoa, esaterako tximistak.
  • Gizakiak eragindakoa; izan daiteke:
    • Berotzea erresistentzia bidez.
    • Berotze dielektrikoa.
    • Berotzea indukzio bidez.
    • Berotzea ihes-korronteengatik.
    • Berotzea arku elektrikoaren bidez.
    • Berotzea elektrizitate estatikoarengatik.

Ohiko arrisku elektrikoak:

Txinpartak:
Etengailuek, motorrek, etab., eragindakoak.
Zirkuitulaburrak eta gainkargak:
Prebentzio-mantenimendurik ez duten instalazioak, instalazioen manipulazioa, behin-behineko instalazioa, etengailu diferentzialen eta magnetotermikoen “zubia egitea”. Azken horiek pertsonei deskarga elektrikoak eragin ahal dizkiete.
Akatsak lur-konexioetan:
Elektrizitate estatikoaren eraginez deskargak sortzen dituzte.

Energia kimikoa

Energia kimikoa honela banatzen da:

Errekuntza-beroa.
Erregai baten errekuntzan askatutako beroak prozesu bera alboko materialetan gertatzeko besteko bero-kantitatea sor dezake. Sutea zabaltzeko mekanismoa da.
Bat-bateko berotzea.
Material erregai baten bat-bateko oxidazioa eragin dezaketen giroko eta/edo inguruko baldintzak. Faktore hauek eragiten dute:
  • Egon dagoen aire kantitatea.
  • Beroaren sorrera-tasa.
  • Hurbileko inguruaren propietate isolatzaileak.
Deskonposizio-beroa.
Sortzeko prozesu endotermikoak behar dituzten substantziek eragindako beroa da. Horren eraginez, material horiek oso ezegonkorrak dira, esaterako zelulosa nitratoa.
Disoluzio beroa.
Substantzia bat likido batean disolbatzean sortutako beroa da, esaterako azido sulfuriko kontzentratua uretan disolbatzean.
Beste bero mota batzuk efektu kimikoengatik:
  • Airearekin edo giroko hezetasunarekin harremanetan jartzean autooxidatu daitezkeen osagaiak.
  • Osagai kimiko bateraezinen erreakzioa.
  • Isolatze akatsak prozesu kimikoetan.

Energia mekanikoa

Marruskadura bidez sortutako beroa:
Gaizki koipeztatutako kojinetea, uhala-polea marruskadura, etab.
Marruskaduraren eraginez sortutako txinpartak:
Erreminten erorketak, esmerilaketa-txinpartak, mozketa eta soldatzeko osagai goriak, etab.
Konpresio-beroa:
Gas baten konpresioaren eraginez sortzen da eta diesel efektu esaten zaio.

Energia nuklearra

Energia nuklearra atomo baten nukleoak askatzen du. Energia hori bero, presio eta erradiazio nuklear moduan askatzen da. Energia nuklearra esaterako energia kimikoa baino milioika aldiz handiagoa izan daiteke.

Kateko erreakzioa

Tetraedroaren atal hau sortzen da sua hasi ondoren jarraipen-prozesua zergatik hartzen duen aurkitzeko beharrizanetik. Oinarrizko kontzeptua da oxidazio-erreakzioan sortutako energia termikoak atomoak edo molekulak kitzikaten dituela eta erreakzioa jarraitzen duten erradikal libreak sortzen direla.