2025eko udaberriko monografiak

Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa / Jon Martin-Etxebeste

Lurdes Iriondo Urnietan jaio zen, 1938an. Euskal Kantagintza Berria hirurogeiko hamarkadan garai hartako egoera politikoari erantzuteko sortutako musika-mugimendua da. Iriondo mugimendu horretako interprete garrantzitsuenetakoa izan zen, bai eta Ez Dok Amairu talde ospetsuko emakumezko kide bakarra ere. Genero-ikuspegiko lan honek omenaldia egin nahi dio Lurdes Iriondori, berak banaka hartuta merezi duen protagonismoari justizia egiteko eta haren garrantzia inguruko gainerako gizonezko artistekin egin ohi den loturatik bereizteko. Lanean, abeslariaren biografia osoa aurkituko dugu. Lanak emakumeek historian jasan duten ikusezintasunari buruzko kapitulu bat ere badu, Iriondoren adibidea testuinguruan jartzen duena.

Jon Martin Etxebeste Oiartzunen jaio zen, 1981ean. Psikodidaktikan doktorea da, eta LAIDA taldeko irakasle eta ikertzaile da, EHUn. Bertsolaria, idazlea eta abeslaria ere bada Beira taldean.

Esaera goikoaz behera irauliak : herri-literaturan errefrau-jorran / Adolfo Arejita

Lan honetan, Adolfo Arejita euskaltzain osoak ehun atsotitz bildu ditu euskaraz, bai eta aztertu ere: nork erabiltzen dituen, zein testuingurutan, zertarako. Egileak berak azaldu du, Euskaltzaindiaren webgunean eskuragarri dagoen bideoelkarrizketa batean, Resurreción María de Azkueren Euskalerriaren Yakintzaren hirugarren liburukitik hartu zuela inspirazioa. Arejitak, atsotitzen hautaketa honekin, herri-kulturaren garrantzia azpimarratu nahi du eta, aldi berean, azterketa linguistiko bat eskaintzen du: atsotitzetan gizarte baten usadioak, ohiturak eta etnografia islatzen dira, baina, halaber, hitzetan hizlarien izaeraren berri ematen duten hiztegia eta egitura gramatikal jakin batzuk fosilizatzen dira. Arejitak defendatzen duenez, atsotitzak gizarte baten ispilua dira. Gainera, egileak dio gaur egungo irakurketa-joera sekuentzia laburretarako dela, eta atsotitzen generoa lehentasun horietara egokitzen dela. Elkarrizketa horretan, Arejitak zeharka iradokitzen du obrak jarraipena izan lezakeela.

Obra, ilustrazio eta guzti, Euskaltzaindiak argitaratu du, Bilboko Udalaren eta Bizkaia Irratiaren babesarekin.

Ombuaren itzala / Patxi Bisquert

Liburu honetan, Patxi Bisquertek sustatu, zuzendu eta ekoitzitako Ombuaren Itzala filma sortzeko eta grabatzeko prozesu osoa azaldu eta dokumentatzen da. Otsailaren 22an estreinatu zen filma. Pello Mari Otaño bertsolari eta poeta handiaren oroimena berreskuratu nahi du filmak. Bere garaiko euskal kulturaren egile bikainenetako eta sortzaileenetako bat da, Zizurkilen jaioa, Bisquert bera bezala.

Otaño 1875ean joan zen lehen aldiz Amerikara. Artzain eta errementari aritu zen pare bat urtez, Brasilen, Argentinan eta Uruguain, Zizurkilera itzuli aurretik. Geroago, Amerikara bueltatu zen, eta, han, beste hamar urtez bizi izan zen, gaixotu eta Euskal Herrira etorri zen arte. Une hori abiapuntutzat hartzen du Ombuaren itzala filmak. Karlisten eta liberalen arteko liskarrak zeharkatutako gizarte batean, Otañok nolabaiteko oihartzuna lortu zuen bere konposizio poetiko eta bertsoei esker. Hala ere, Amerikara itzuli behar izan zuen familiarekin, egoera ekonomiko hobearen bila. Han zegoela, ombu bat (Argentinako panpako zuhaitz bat) Zizurkil jaioterriko etxean landatutako intxaurrondo batekin lotzen zuen poema bat idatzi zuen. Idazki hori da Bisquerten proiektuaren izenburuaren jatorria.  

Virginia Berasategui : la carrera de su vida / Itxaso Elorduy

Lan honek Virginia Berasategui Bilboko triatleta ezagunaren biografia kontatzen du; munduko txapelduna da, bai eta bi aldiz distantzia luzeko triatloiaren Europako txapelduna ere. Itxaso Elorduy kazetariak, testuaren egileak, dioen bezala, Virginiak kontakizun oso garrantzitsua du kontatzeko, eta funtsezkoa da hura beste batzuei helaraztea azalkeriaren eta hutsune emozional handien garai honetan. Kirolaren eta osasunaren historia polita da, baina ongi eginaren eta aitortutako okerren historia ere bada, betiere jendetasuna galdu gabe: finean, pertsona askori lagun diezaiokeen borroka- eta gainditze-ibilbide bat. Berasategi indar fisiko handiko emakumea da, baina, batez ere, kirol-garaikurretatik haragoko lorpen handiak lortu dituen pertsona bat.

Biografia honen helburua da kirolari txalotuak maila pertsonalean eta kirol-arloan krisi handi bat pairatu ondoren izan duen benetako historia kontatzea jendeari. Liburu hau, Virginiaren seme Luka txikiari begira idatzi da, eta hari eskainita dago legatu gisa, zeinak gaixotasun arraro bat baitu. Obra El Gallo de Ororen edizio eder batean argitaratu da.

Bajo los astros de la repetición / Julia Otxoa

Julia Otxoaren azken poema-liburua gizateria hasiera-hasieratik murgilduta bizi den basakeriari buruzko hausnarketa bat da. Egileak elkarrizketa bat ezartzen du, non modu batera edo bestera indarkeriaren infernuari lotutako pertsonaien desfile batek esku hartzen duen. Era berean, obra hizkuntzari buruzko meditazio bat da, besteen minaren irudikapen sinboliko gisa. Otxoak modu harmoniatsuan uztartzen ditu errealitatearekiko konpromisoa, naturarekiko filiazioa, edertasunari eginiko kantua eta gogoeta metalinguistikoa. Lan honek 2024ko Euskadi Literatura Saria jaso du.

Julia Otxoa Donostian jaio zen, eta sortzaile moldakorra da; izan ere, poesia, arte plastikoak, haur-kontakizuna, mikrokontakizuna, ikusizko poesia, entsegua eta kazetaritza-artikulua landu ditu. Mikrokontakizunaren generoa finkatu zuen belaunaldiko kidea da. Haren lanean, bat egiten dute surrealismoak, existentzialismoak eta absurdoaren literaturak.

Politeismo bastarta : lau egun Angela Davisekin / Jule Goikoetxea

2024ko maiatzean Angela Davisek Bartzelonara egindako bisita aprobetxatuz, Jule Goikoetxea lau egunez elkartu zen pentsalari feministarekin. Davis Condal hirira joan zen Fira Literalen parte hartzera; izan ere, azoka horrek hamar urte betetzen zituela eta, ospatu egin nahi izan zuten mundu mailako pentsalariak ekarriz. Lan hau bi emakumeek elkarrekin emandako lau egun horien fruitu da, umorez eta bizitasunez beteriko kontakizun bat, non beren elkarrizketak eta esperientziak isurtzen diren.

Jule Goikoetxea politologoak Euskal demokrazia patriarkala entsegua ere idatzi du, geroago Democracia patriarcal lanean gaztelaniara itzulita, eta biak daude Bizkaiko Foru Liburutegian. Susa argitaletxearen Lisipe euskarazko entsegu feministaren bilduma koordinatzen du. Filosofian doktorea da, bai eta EHUko Zientzia eta Teoria Politikoko irakaslea ere, eta Gobernantza eta Ikasketa Politikoak Masterreko zuzendaria izan da.