SEI HILABETE BIZKAIKO BERRIKUNTZA PUBLIKOA SUSTATZEN

Nolakoak izan dira 2026ko sei hilabete hauek? ¿Cómo han sido estos seis meses de 2026?

2026/07/24

2026. urteari GovTech Bizkaia Erronken laugarren edizioa abian jarriz ekin genion. Deialdiak erantzun bikaina izan zuen berrikuntza-ekosistemaren aldetik: 83 hautagaitza jaso genituen. Hauek aztertu ondoren, pilotatze-faseari ekiteko lau irtenbide hautatu genituen:

  • IDRUS: ahots bidezko sistema bat eta mugikorretarako aplikazio bat proposatu zituen, nekazari eta abeltzainei kontsultak eta izapideak egiten laguntzeko, baita konektibitatea mugatua denean ere.
  • Evenbytes: elkarrizketa bidezko adimen artifizialean oinarritutako irtenbide bat aurkeztu zuen, herritarrei izapideak egiten laguntzeko eta bisita bakarrean horiek ebazten laguntzeko.
  • SiGO: ikusmen artifizialeko sistema bat proposatu zuen, garraio-markesinetako gorabeherak hauteman, lehenetsi eta kudeatzeko.
  • Accessibles: web-edukiak hizkera argiaren, irakurketa errazaren, piktogramen eta irisgarritasuneko beste baliabide batzuen bidez eraldatzeko tresna bat aurkeztu zuen.

Pilotuak maiatzean hasi ziren martxan, esperimentazioan, ikaskuntzan eta lankidetzan oinarritutako etapa berri bati bide emanez. Etapa horretan elkarlanean ari dira Aldundiko, Lantikeko eta Beazeko taldeak, baita hautatutako enpresak ere. Hilabete hauetan GovTech komunitatea sendotzen jarraitu dugu, BAT B Accelerator Tower-en egindako hainbat topaketaren bidez. GovTech Breakfast jardunaldiek ezagutza partekatzeko eta GeoIA, nekazaritzari eta natura-inguruneari aplikatutako berrikuntza, datu-espazioak eta energia-jasangarritasuna bezalako esparruak aztertzeko aukera eman digute. Topaketa horiek gune egonkor bat sendotzen dute, beharrak identifikatzeko, gaitasunak konektatzeko eta berrikuntza publikorako aukera
berriak azaleratzeko.

Nazioarteko ikuspegiak ere presentzia handia izan du. GovTech Bizkaiak Madrilgo GovTech 4 Impact World Congress-en parte hartu zuen, administrazio publikoen eraldaketari buruzko nazioarteko topagune nagusietako batean. Bertan, esperientziak partekatu genituen, beste lurralde batzuetan garatutako ekimenak ezagutu genituen eta berrikuntza sistemikoago baterantz bideratutako Europako manifestu berri bat sustatzen lagundu genuen.

Halaber, GovTech4All sarien banaketan izan ginen eta gobernu digitalaren etorkizunari buruzko hausnarketan sakontzen jarraitu genuen. ELGAk egindako Bizkaiko Gobernu Digitalaren Diagnostikoaren aurkezpenak eta Digital Government Outlook 2026 txostenaren argitalpenak aukera eman digute egindako aurrerapenak eta zerbitzu publiko irisgarriagoak, eraginkorragoak eta pertsonengan oinarrituagoak eraikitzeko aukera berriak identifikatzeko.

Seihilekoa B Acceleration Week-en parte hartuz amaitu genuen. Administrazio publikoa, startupak eta korporazioak elkartzeko gune horrek berriro ere agerian utzi zuen lankidetzak, talentuak eta giza faktoreak duten garrantzia ideia onak benetako eragina duten proiektu bihurtzeko.

Sei hilabete bizi izan dira, erronkaz, topaketaz, ikaskuntzaz eta aliantza berriz beteak. Orain, atsedenaldi labur bat hartuko dugu indarberritzeko, ikasitako guztia berrikusteko eta hurrengo urratsak prestatzeko.

Irailean jarduera, eduki eta aukera berriekin itzuliko gara, guztion artean administrazio berritzaileagoa eta hurbilagoa eraikitzen jarraitzeko.

Irailean ikusiko dugu elkar!

IKUSI SARRERA GUZTIAK