Euskara Zuzendaritza Nagusiaren asmoa da euskararen erabilera sustatzea herritarren eta kirol federazioen arteko komunikazio erdi formaletan.

Erronkak eta azpi erronkak:

Nola lagun geniezaieke Bizkaiko erakunde, elkarte eta federazioei euskararen erabilera sustatzen herritarrekiko harremanetan?

  1. Nola eskain ditzakegu itzulpen gomendioak, denbora errealean, posta elektronikoan, berehalako mezularitza kanaletan eta abarretan, herritarrekiko elkarrizketetan euskararen erabilera indartzeko?
  2. Nola uler dezakegu zeintzuk diren euskararen idatzizko erabileran dauden zalantzak edo oztopoak, euskara ikasteko estrategiak bultzatzeko?
  3. Nola neur dezakegu erakunde horietan lan egiten duten pertsonek euskararen erabileran eta ezagutzan duten bilakaera?

Konponbide irabazlea: Treberekin eta Itzuliren motorearekin itzulpen automatikoak

Trebek aurkeztutako konponbidea plug-in prototipo bat garatzean datza, Windowseko sistema eragileko aplikazioan dagoen edozein testu berehala eta automatikoki itzultzeko.

Govtech pilotua: plug-in edozein testu automatikoki itzultzeko.

Govtech pilotua da govtech konponbide bat espazio erreal baina kontrolatu batean sartzea, testuinguru espezifiko batean eta erronka zehatz baterako teknologia erabiltzearen eraginak eta aukerak ulertzeko.

Kasu honetan pilotua honelakoa izan da:

  • Prototipoa aurkeztea eta partaideak kaptatzea Bizkaiko kirol federazioen eta ASFEDEBIren artean.
  • Parte hartzeko interesa duten federazioekin prototipoa bi astez probatzea.
  • Parte hartzea erabaki duten federazioei prototipoa instalatzea.
  • Itzultzailearen erabilera aldagaien analisia eta jarraipena egitea eta erabiltzaileei laguntzea.

Pilotuak huts egiten du soilik ikaskizunak sortzen ez baditu.

Pilotuak ikasketa saio batekin bukatzen du. Bertan ebaluatzen da pilotatutako konponbideak erronkari erantzun badio, gainera, tresnaren funtzionalitate teknikoak eta espezifikazioak baloratzen dira eta tresna berri hori zerbitzuan edota prozesuan sartzeak duen eragina aztertzen da.

Pilotu honen ikaskizun nagusiak hauek izan dira:

  • Tresnaren erabilera eta gogobetetasuna: 40 federazioetatik % 50ek tresna instalatu du eta inkestatutako erabiltzaileen gogobetetze maila altua izan da, erabilgarritasunari eta kalitateari dagokienez.
  • Euskara sustatzea: itzulpen gehienak gaztelaniatik euskarara izan dira, baina ehuneko txiki bat ere izan da euskaratik gaztelaniara. Gainera, inkestatutako erabiltzaileek egiaztatu dute komunikazio erdi formaletan euskara gehiago erabili dutela.
  • Konfiantza: hala ere, eta espero zen moduan, inkestatutako erabiltzaile gehienek esan dute ez dutela euskararen erabilerari dagokionez kanpoko laguntzarik gabe konfiantza irabazi.