AA, AZKEN BREAKFAST-EKO PROTAGONISTA

2026/09/25

Iraila iristearekin batera, gure jarduerari abiadura bizian ekin diogu berriro, eta GovTech Breakfast saioak ere itzuli dira. Topaketa horiek GovTech Bizkaia proiektuaren barruan kokatzen dira, eta startupen, korporazioen eta Administrazio Publikoaren arteko sinergiak sortzea dute helburu. Horretarako, gure lurraldean herritarren egunerokoa hobetzeko aplika daitezkeen arrakasta-kasuak ezagutarazten dira.

Azken GovTech Breakfast saioa zerbitzu publikoak egun bizi duen eraldaketa-prozesuan zentratu da, eta Ikusmen Artifizialak eta Adimen Artifizialak aldaketa hori bultzatzeko izan dezaketen garrantzia aztertu du. Aurrerapen teknologikoei eta irekitzen dituzten aukera berriei esker, bi teknologia horiek funtsezkoak izan daitezke eraldaketa horretan.

Ekitaldia Saioa Leguinagoicoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Estrategia Digitalerako Zerbitzuko buruak, inauguratu du, eta GovTech Bizkaia proiektuaren xehetasunak azaldu ditu. Ondoren, Versiako Jared Muriasek VTss autoordainketa-zerbitzuaren adibidea aurkeztu du, eta gonbidatutako bi startup-ei txanda eman die: Grabit eta Argit AI.

Alberto Gómezek, Grabiteko CEO-ak, enpresak egiten duen lana azaldu du, ikusmen artifizialean oinarritutako softwarearen garapenean zentratuta, baita Versia-rekin batera hainbat egoeratan lapurretak saihesteko egiten duten lankidetza ere. Horrez gain, ikusmen artifiziala Administrazio Publikoan aplika daitekeen hainbat egoera erakutsi ditu, hala nola eraikinen mantentze-lanak, zirkulazioa edo pertsonen joan-etorriak eta pilaketak. Bestalde, Silvia Maidaganek, Argit AIko Corporate Relations-eko arduradunak, Adimen Artifizial Azalgarriaren kontzeptua azaldu du. Teknologia horrek ez ditu soilik aurreikuspenak egiten; horrez gain, emaitza horietara iristeko prozesua ere azaltzen du. Kontzeptu horren bidez, Ekuadorren haurren desnutrizioari aurre egiteko garatzen ari diren arrakasta-kasua aurkeztu du.

Arrakasta-kasuak aurkeztu ondoren, galdera-erantzunen txanda zabaldu da, zalantzak argitzeko eta ideia berriak proposatzeko. Saioari amaiera emateko, networking-espazio bat partekatu dute bertaratutakoek, eta bertan Ikusmen Artifizialaren eta Adimen Artifizialaren sektorean sakontzen eta ideiak trukatzen jarraitu dute.

IKUSI SARRERA GUZTIAK