KIROL KUDEAKETA JARDUNBIDE EGOKIAK

2025ko Martxoaren 31a

KIROL EGOKITUA

Galdakaoko dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboari eta horiek kirolean duten inplikazioari buruzko diagnostikoa

Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak, Haszten Fundazioak eta Galdakaoko Udalak dibertsitate funtzionala duten pertsonen egoerari eta tokiko kirol-esparruan duten inplikazioari buruzko 2024ko diagnostikoa aurkeztu dute. Txostenaren arabera, desgaitasuna duten pertsonen %84,4 gizonak dira, eta %15,6 soilik emakumeak. Kolektiboaren batez besteko adina 13 urtekoa da, 11 urtekoa emakumeetan eta 13,3 urtekoa gizonetan. Adin-talde nagusia 6-20 urte bitartekoa da, guztizkoaren %91,8.

Desgaitasun motari dagokionez, gehienek desgaitasun intelektuala dute (%59,2), gero gaixotasun mentala (%22,4), desgaitasun fisikoa (%14,3) eta zentzumen-ezintasuna (%4,1).

Diagnostikoak adierazten du, halaber, hautemandako kirol-jarduera gizonei bakarrik dagokiela. Gehien egiten diren kirolak saskibaloia (%50), igeriketa (%25) eta mahai-tenisa (%25) dira. 6-20 urteko tartean igeriketa eta mahai-tenisa nabarmentzen dira; 21-40 urteko tartean, berriz, saskibaloia da egiten den kirol bakarra.

Antzemandako behar eta eskaera nagusiak

Galdakaon egindako diagnostikoak gabezia eta behar garrantzitsuak agerian uzten ditu, dibertsitate funtzionala duten pertsonen parte-hartze erreala eta eraginkorra bermatzeko kirol-eremuan. Kirol- eta hezkuntza-egiturek nahiz desgaitasunen bat duten pertsonek egindako eskaera nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

Alde batetik, jarduera fisiko eta kirol-jarduera egokitu eta inklusiboen eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko beharra identifikatzen da, kolektibo horren interes eta aukerei erreparatuta. Inkestatutako pertsonen %71,4k adierazi zuten funtsezkoa izango zela desgaitasuna duten pertsonentzat berariaz diseinatutako jarduera gehiago izatea, eta %42,9k, berriz, gainerako herritarrekin batera parte hartzea ahalbidetzen duten jarduera inklusiboak eskatzen dituzte.

Era berean, kirol-instalazioen irisgarritasuna hobetzearen garrantzia islatzen du txostenak. Oztopo arkitektonikoak kentzeaz gain, espazioak eta materialak egokitu nahi dira, desgaitasun fisikoa, sentsoriala, intelektuala edo gaixotasun mentala duten pertsonei kirola egitea errazteko.

Beste alderdi nabarmen bat da aniztasun funtzionalean eta kirol egokituan trebatutako langile kualifikatuak eduki behar direla. Inkestatutako pertsonen %28,6k laguntza egokia eta arreta pertsonalizatua bermatuko duten profesional espezializatuak sartzea eskatu zuten.

Hezkuntza-eremuan, parte hartzen duten egiturek dibertsitate funtzionalari buruzko sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekintzak eskatzen dituzte, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat eta langile teknikoentzat, ingurune inklusiboagoak sortzeko txikitatik.

Azkenik, kolektibo horri zuzendutako jardueren informazioan eta hedapenean gabezia antzeman da, bai eta komunitate-ekitaldietan eta udal-jardueretan dibertsitate funtzionalaren ikusgarritasuna eta normalizazioa sustatzeko beharra ere.

Galdakao inklusiboagoa izateko proposamenak

Txostenak behar horiei erantzuteko hainbat jarduera-ildo zehatz jasotzen ditu, hala nola kirol egokitua sustatzeko jardunaldiak antolatzea, kirol-teknikari eta -arduradunentzako prestakuntza-saioak, ikastetxeetan sentsibilizazio-tailerrak egitea eta hedapen-kanpainak eta ekitaldi komunitarioak sortzea udal-programa egokitu eta inklusiboa ikusarazteko.

Neurri horien bidez, aukera-berdintasuna bermatu nahi da, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen gizarte- eta kirol-partaidetza sustatu nahi da Galdakaon..

Zuk ere nahi baduzu zure udalerriak diagnostiko bat izatea dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboari eta horiek kirolean duten inplikazioari buruz, eska ezazu web orri honen bidez.

Bizkaiko kirolaren inguruan gertatzen den guztiaren berri izan nahi baduzu, HARPIDETU ZAITEZ GURE NEWSLETTERRERA!

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA