KIROL EKITALDIAK ETA LEHIAKETAK

2023ko Urtarrilaren 03a

EUSKAL PILOTA

Esku-pilotako emakumezkoen V. Bizkaia Txapelketa urtarrilaren 13tik otsailaren 10era bitartean jokatuko da

Esku-pilotako emakumezkoen V. Bizkaia Txapelketa urtarrilaren 13tik aurrera ospatuko da eta zortzi palista izango dira lehian. Guztira, txapelketak lau jardunaldi izango ditu eta horiek Bizkaia Frontoian eta Zallako frontoian izango dira.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak txapelketaren bosgarren edizioa aurkeztu du gaur arratsaldean, edizio honetan parte hartuko duten pilotariekin batera. Bilbao Ibarrak Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako txapelketaren xehetasunak eman ditu. Foru Aldundiak kirola babestearen eta, aldi berean, emakumeek kirolean duten parte-hartzea indartzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du txapelketaren edizio berri honetan.

Diputatuak nabarmendu duenez, esku-pilotako emakumezkoen Bizkaia Txapelketa 2018an sortu zen eta orduko helburua mantentzen dugu gaur ere: atzoko, gaurko eta biharko andrazko pilotariak aintzat hartzea eta egiten duten lana balioan jartzea, egunero entrenatzen baitira eta esfortzu handia egiten baitute kantxan zein kantxatik kanpo euren onena emateko. Eta bosgarren edizio honetan, helburua berbera da. Izan ere, pilotari eta palista horiek eredu bihurtzea gustatuko litzaiguke, gero eta emakume eta neska gehiagok pilotan jokatzea erabaki dezaten, gure kirol hau indartzen lagunduz.

Txapelketa Olatz Arrizabalaga-Uxue Osés, Amaia Aldai-Nora Mendizabal, Madalen Etxegarai-Enara Gaminde eta Leire Garai-Andrea Capellan bikoteek jokatuko dute.

Txapelketa urtarrilaren 13an hasiko da Bizkaia Frontoian. Urtarrilaren 20an txapelketaren bigarren jardunaldia izango da Bizkaia Frontoian ere. Urtarrilaren 28an Zallako frontoiak hirugarren jardunaldia hartuko du. Finala otsailaren 10ean izango da Bizkaia Frontoian eta partidu guztiak arratsaldeko 18:00etan izango dira.

Partidetara joateko sarrerak Bizkaia Frontoiko leihatilan egongo dira salgai dira hiru euroan. Gainera, esku-pilotako emakumezkoen V. Bizkaia Txapelketa Bizkaia Frontoiaren Facebook-ean jarraitu ahal izango da. Gainera, ETB1ek otsailaren 10eko finala emango du.

Argazkia eta albiste osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean.

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA