KIROL EKITALDIAK ETA LEHIAKETAK

2026ko Maiatzaren 21a

ERRUGBIA

Europako errugbiko final handiak Bizkaian jokatuko dira 2026an

EPCR Challenge Cup eta Investec Champions Cup txapelketen finalak San Mamesen jokatuko dira 2026ko maiatzaren 22an eta 23an. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak berriz ere elkarrekin egin dute lan nazioarteko kirol-ekitaldi batean.

Europako bi final jokatuko dira San Mamesen: Bordeaux-Leinster eta Ulster-Montpellier

KONTSULTATU HEMEN TRAFIKOAN ETA GARRAIO PUBLIKOAN FINALEK SORTUKO DITUZTEN ERAGINAK.

EROSI HEMEN FINALETARAKO SARRERAK!

KONTSULTATU HEMEN TRAFIKOAN ETA GARRAIO PUBLIKOAN FINALEK SORTUKO DITUZTEN ERAGINAK.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, errugbi federazioekin eta Athletic Club taldearekin batera, egindako elkarlanari esker berriro San Mames estadiora erakarri ahal izan dira kluben arteko Europako errugbi txapelketa nagusien finalak: EPCR Challenge Cup 2026ko finala eta Investec Champions Cup 2026ko finala. Partida horiek maiatzaren 22an eta 23an jokatuko dira, hurrenez hurren.

Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuaren esanetan, Bizkaian, berriz ere, nazioarteko kirol-ekitaldi handi bat izango dugu, eta horrek gure lurraldearen irudia sendotzen du, leku erakargarri, aurreratu eta abegikor gisa. 2018an erakutsi genuen azpiegiturak, zaletasuna eta esperientzia dauzkagula, eta 2026an berriro erakutsiko dugu. Era horretako ekitaldiek indartu egiten dute gure marka, eta gure onena munduarekin partekatzeko aukera ematen digute.

Partiden egutegia

EPCR Challenge Cup-eko finala 2026ko maiatzaren 22an, ostirala, jokatuko da; eta Investec Champions Cup-eko finala 2026ko maiatzaren 23an, larunbata, jokatuko da. Berriz ere bi finalak hartuko dituen estadioa San Mames izango da. 

  1. EPCR Challenge Cup (maiatzaren 22an, ostirala, 21:00etan): Europako bigarren txapelketarik garrantzitsuena da (futboleko Europa Ligaren antzekoa; irabazleak hurrengo urtean elitean jokatzeko txartel zuzena lortzen du). Ulster Rugby talde irlandarra eta Frantziako Montpellier Herault izango dira, aurrez aurre. Irlandako taldeak Exeter Chiefs ingelesa finalerdietan mendean hartuta (29-12) iritsi dira hitzordura; Frantziakoak, berriz, Galesko Dragons RFC utzi zuen bidean (18-12).
  2. Investec Champions Cup (maiatzaren 23an, larunbata, 15:45ean): Europako txapelketa nagusia da, Txapeldunen ligaren parekoa, eta liga handienetako klub onenak biltzen ditu. Final handian, Union Bordeaux Begles egungo txapeldunak (finalerdietan Ingalaterrako Bath garaitu zuen (38-26)) Leinster irlandar ahaltsua izango du aurkari; azken horrek Toulon kaleratu zuen (29-25). Leinsterrentzat oso itzulera berezia izango da San Mamesera, bertan eskuratu baitzuen Europako azken titulua 2018an, Racing 92 taldearen aurka.

Champions Rugby Village

Champions Rugby Village, bi finaletarako fan zone ofiziala, Casilda Iturrizar Parkean kokatuko da, pergola inguruan hain zuzen ere, eta jai-giroa izango da nagusi kirol eta kultur arloko jarduerekin, musikarekin, animazioarekin eta gastronomia-gunearekin. 

Gune irekia izango da eta sarrera doakoa izango da bai lau talde finalistetako zaleentzat, bai gainerako zaleentzat eta, oro har, Euskadiko herritarrentzat. 

Animazioa txarangarekin Sama Sikuren eskutik, errugbiko minipartidak, touch-pase luzeko-pase laburreko baloi-jaurtiketak, Oxabi taldearen kontzertua, kalejirak, Ondalaneko dultzainero eta erraldoien konpartsaren kalejira, DJ Estrella Electronica... izango dira ospakizunerako gune komun horretan egingo diren jardueretako batzuk. Gainera, piknika egiteko guneak eta babesleen aktibazio-espazioak ere egongo dira besteak beste.

Guneak piknik eremuak, babesleen txokoak eta partidak jarraitzeko pantaila erraldoi bat izango ditu, eta etenik gabe egongo da zabalik 11:00etatik 01:00etara. Hona hemen egitaraua:

Maiatzaren 22an, ostirala:

  • 11:00: Gunea irekiko da.
  • 12:30: Sama Siku txaranga (bigarren saioa 15:00etatik 17:00etara izango da).
  • 13:00 - 19:00: Kirol-jarduerak, Elorrio Rugby Taldeak antolatuta.
  • 17:00 - 19:00: Oxabi taldearen kontzertua.
  • 19:00: Kalejira San Mameserantz, Ondalaneko Erraldoiek eta dultzaineroek lagunduta.
  • 21:00: EPCR Challenge Cup txapelketako finala pantaila erraldoian.
  • 23:00 - 01:00: Festa, musika-emanaldiekin.

Maiatzaren 23an, larunbata:

  • 11:00 - 15:00: Kirol-jarduerak, Elorrio Rugby Taldearen eskutik.
  • 11:00 - 13:00: Ondalaneko Erraldoien konpartsaren eta dultzaineroen desfilea.
  • 13:00 - 14:30: Sama Siku txarangaren saioa.
  • 14:30: San Mameseranzko irteera, txarangak girotuta.
  • 15:45: Investec Champions Cup txapelketako final handia.
  • 18:30 - 20:30: Oxabi taldearen kontzertua.
  • 20:30 - 22:30: Saioa, Estrella Electrónica DJren eskutik.

Sarreren salmenta

Asteazkenean, irailak 3, 11:00etatik aurrera hasiko da San Mamesen 2026ko maiatzaren 22an, ostirala, eta 23an, larunbata, jokatuko diren bi errugbi finaletarako sarreren salmentaren bigarren fasea.

Abuztuaren 12an salgai jarritako Golden eta Early Bird sarreren arrakastaren ondoren, gaurtik aurrera bi partidetarako sarrera bateratuak eros daitezke EPCR-ren (European Proffesional Club Rugby) webgunearen bidez.

Sarrera bateratuak dira, 120 eurotik gorako hiru kategoriatan eskuragarri daudenak, eta EPCR Challenge Cup txapelketako finalera eta Investec Champions Cup txapelketako finalera sartzeko aukera ematen dute:

  • 1. kategoria: 175 €
  • 2. kategoria: 140 €
  • 3. kategoria: 120 €

bilbaofinals.tickets.epcrugby.com

  1. Egun bakarreko sarrerak eskuragarri gaurtik aurrera.
  2. Bi finalen %60 baino gehiago salduta asteburuko paketeen bidez.
  3. Aurrekaririk gabeko eskariaren ondoren, aldez aurreko sarrerak denbora errekorrean agortu ziren.

Maiatzaren 22 eta 23an, gertutik bizi Investec Champions Cup eta EPCR Challenge Cup finalak! Ez galdu aukera Bilbo-Bizkaia-Euskadin kluben arteko Europako errugbi onenaz gozatzeko!

Ekitaldi honi buruzko berririk galdu nahi ez baduzu, HARPIDETU GURE NEWSLETTER-RERA!

Argazkia eta albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA