KIROL ARAUDIA ETA LEGEDIA

2025ko Apirilaren 23a

EAEko Auzitegi Nagusiak epaia berehala betetzeko agindu du, eta Multikirola ez da derrigorrezkoa Gipuzkoan

Horrela, gaurtik aurrera ez da derrigorrezkoa 13 urtetik beherakoek Gipuzkoako Aldundiak bultzatutako multikirol programan parte hartzea kirol klub batean izena eman ahal izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako eskola-kirolari buruzko epaia berehala betetzeko agindua eman du. Hori dela eta, gaurtik aurrera ez da derrigorrezkoa 13 urtetik beherakoek Aldundiak babestutako multikirol programan parte hartzea kirol klub batean izena eman ahal izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du Multikirolaren araua salatu zuen familia batek aurkeztutako helegitea, eta epaia berehala betetzeko agindu dio Aldundiari, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaiaren funtsari buruz aurkeztutako errekurtsoa ebatzi bitartean.

Foru erakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, onartu eta errespetatu egiten du erabakia, eta ez du helegiterik aurkeztuko; beraz, gaurtik aurrera ez da derrigorrezkoa ikastetxeetako multikirol jardueretan parte hartzea klub batean izena eman ahal izateko.

Gipuzkoako kirol anitzeko programa kirol minoritarioak babestera eta umeei diziplina desberdinak probatzeko aukera ematera bideratuta dago, diziplina jakin bat aukeratu aurretik, baina ikastetxeetan kirol anitzeko jarduera horietan parte hartzeko derrigortasuna ezartzen du, klub batean parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintza gisa. Bizkaian eta Araban ez da gauza bera egiten.

Pasaiako familia batek, bi alabak saskibaloi klub batean inskribatuta zituenak, derrigortasun horren aurka egitea erabaki zuen, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen, harik eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien arte, bi neskek kirol-hastapeneko unitatean izena emateko duten eskubidea aitortu baitzien, beren ikastetxeko multikirol programan parte hartu beharrik gabe.

Errekurtso-jartzaileek Kirolaren Euskal Legera jo zuten, 6 eta 12 urte bitartean jarduera fisiko ludiko eta kirolzale bat bermatuko dela jasotzen baitu. EAEko Auzitegi Nagusiak bere epaian interpretatzen du arau horrek multikirolaren eskaintza bermatzen duela, baina inola ere ez du inposatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hamarkadetan egin duen bezala.

Erabakiaren ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ebazpena berehala aplikatzeko agindua eman du, Aldundiak jarritako kasazio-errekurtsoaren emaitza alde batera utzita.

Aldundiak berretsi egin du Gipuzkoako kirol hastapenean parte hartzen duten eragileekin lanean jarraitzeko konpromisoa, lurraldeko haur guztien kirol eskubidea bermatzeko, uste baitu eskubide hori erakunde publikoek babestu eta sustatu behar dutela.

Albiste osoa www.eitb.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA