2025ko Otsailaren 21a

HERRI KIROLAK

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak "Bilboko Herri Kirol Zentroa" proiektua aurkeztu dute

Iturria: Bilboko Udala

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak "Bilboko Herri Kirol Zentroa" proiektua aurkeztu dute gaur goizean, Txurdinagako kiroldegian. Espazio hori Euskadiko herri-kirolen entrenamendu profesionaleko lehenbiziko zentroa izango da, eta Txurdinagako udal-kiroldegian egongo da. 

Bilboko Txurdinagako kiroldegian izango da, 2026ko udatik aurrera, Euskadiko herri kirolen lehen entrenamendu zentro profesionala. Pabiloi berri horrek 846 metro koadro ditu, eta diziplina tradizional horiek praktikatzeko eta sustatzeko instalazio espezializatuak eskainiko ditu. 

Kirol-ekipamendu berriak 846 metro koadroko azalera izango du, eta erabilera anitzeko pista batek, komun eta aldagela egokituek, fisioterapia-gela batek, harrera-bulegoak eta gela teknikoek osatuko dute. Gainera, Txurdinagako udal-kiroldegirako oinezkoentzako sarbide bat eta ibilgailuentzako beste bat izango ditu.  Bilboko Udalak 1.367.621,50 euroko (BEZa barne) aurrekontua du proiektua gauzatzeko, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 229.675 euroko laguntza eman dio.

Obrek 2.286 metro koadroko azalera hartuko dute guztira; horietatik 846 metro koadro pabiloiarenak berarenak izango dira, eta gainerakoetan, kirol-ekipamendu berriaren ondoko instalazioen hornidura-sareak eta zoladura ezartzeko lanak egingo dira. Gainera, zentroak ibilgailuentzako zuzeneko sarbide bat eta Txurdinagako udal-kiroldegirako oinezkoentzako sarbide bat izango ditu.  Bilboko Herri Kirol Zentroak honako hauek izango ditu:

Erabilera anitzeko pista: pabiloia zabala izango da, horma bakoa, baina hainbat kirol-jarduera egiteko aukera emango du.

  1. Harri-jasotzea
  2. Sokatira
  3. Trontzak
  4. Aizkora
  5. Lasto-jasotzea
  6. Lasto-botatzea
  7. Ingude-jasotzea
  8. Txinga-erutea
  9. Zaku-eramatea
  10. Orga-jokoak
  11. Lokotx-bilketa

Komun-aldagela egokitua: beheko solairuan komun-aldagela unisex bat egongo da, mugikortasun-arazoak dituztenentzat egokitua.

Fisioterapia-gela: beheko solairuan fisioterapia-gela txiki bat egongo da.

Harrera/Bulegoa: lehen solairuan, zentroaren informazio-, kontrol- eta harrera-gunea hartuko dituen bulegoa egongo da.

Gela teknikoak: bulegoaren gaineko espazio batean aireztapen- eta girotze-instalazioak egongo dira.

Bilboko herri-kirolen arloko lehenengo kirol-kluba den Bilboko Txirrika Herri Kirol Klubak kudeatuko du Bilboko Herri Kirol Zentroa, herri-kirolen askotariko diziplinak herritarren artean sustatzeko helburuaz.

Klubaren bidez, Bilboko Herri Kirol Zentroak adinaren arabera banatutako jardueren programazioa eskainiko du. Lehenengo blokea eskola-kirolari buruzkoa izango da, eta, bertan, Bilboko zenbait ikastetxek hartuko dute parte. Ikastetxe horiek, horrez gainera, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioaren laguntza jasoko dute jarduera inklusiboen programarako. Bigarren jarduera-blokea kirol federatuan zentratuko da, eta herri-kirolen diziplinetako entrenamendu espezifikoak eskainiko ditu, kirol-teknikari kualifikatuen eskutik.

Eskola-kirolaren programaren bidez harrobia lantzea da eskolaren helburua, eta Bilboko herri-kirolen lehenbiziko eskolan prestatutako kirolari profesionalek euskal herri-kiroleko kategoria altuenetan parte har dezaten lortzea.

Argazkia eta albiste osoa www.bilbao.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA