ENPRESAK (ERAIKUNTZA, ZERBITZUAK, MATERIALAK)

2024ko Ekainaren 30a

Bizkaiko Foru Aldundiak "Bizkaiko enpresa egoeraren barometroa" aurkeztu du

Bizkaiko enpresak baikor ageri dira 2024ko ekitaldiari begira: gehienek inbertsioren edo berrikuntza-proiekturen bati ekiteko asmoa dute.

"Bizkaiko enpresa egoeraren barometroa"ren lehenengo edizioa.

Bizkaiko enpresak etengabe hazten ari dira eta euren lehiakortasun-posizioa hobetzen jarraitu nahi dute. Kontsultatutako enpresen %72k aurreikusten du 2024an zehar hobekuntzaren bat egingo duela bere antolaketan, eta %63k dio berrikuntza-, inbertsio- edo nazioartekotze-proiektu berriak gauzatuko dituela. Hori ondorioztatzen da "Bizkaiko enpresen egoeraren barometro"tik, zeinaren lehen edizioa Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak argitaratu eta foru-gobernuari atxikitako Beaz sozietate publikoak egin baitu. Ikerlanak honako hauek aztertzen ditu: zein den Bizkaiko enpresen errealitatea, nola zeuden posizionatuta 2023ko ekitaldia ixtean, nolako pertzepzioa duten egungo egoeraz eta zer aurreikusten duten 2024rako.

Oro har, alderdi laboral, finantzario eta logistikoak dira Bizkaiko enpresak gehien kezkatzen dituztenak 2024. urteari begira, eta lan-kostuak, talentua erakarri eta fidelizatzeko zailtasunak eta lan-absentismoa dira hazkunderako oztopoetan gehien aipatu direnak. Gainera, sektore batzuetan, gai hauek sortzen dute kezka: lehengaien eta azpiosagaien prezioa eta hornidura, prezioen aldakortasuna eta faktore horiek enpresaren errentagarritasunean duten eragina. Konpainia nazioartekotuek nazioartean duten presentzia sendotzera bideratzen dituzte batez ere euren baliabideak, eta ez hainbeste beste merkatu batzuei ekiteko iniziatiba berriak abian jartzera.

Elkarrizketatutako 512 enpresetatik gehienek 2023. urtea ixtean pertzepzio positiboa izan dute euren egungo egoerari dagokionez, baina zuhur dira erronka ekonomiko globalen aurrean. Optimismo moderatua agertzen dute 2024ko lehen seihilekoan izan duten bilakaerari buruz, eta adierazle finantzario eta operatiboetan hobekuntza izango dutela espero dute.

Azterlanaren ondorioek, Bizkaiko enpresen egungo eta etorkizuneko egoeraren ikuspegi xehea eman ez ezik, oinarriak ezarriko dituzte orobat Beazen zerbitzuak hobetzeko eta gomendatzekoa den sostengu-ibilbidearen pertsonalizazio baterantz egokitzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren politikak taxutzean ere kontuan hartuko dira ondorio horiek, sortzen ari diren enpresa-beharrizanei hobeto erantzuteko.

Txostena metodologia kuantitatiboan oinarritu da, eta 512 enpresari egin zaizkie elkarrizketak. Horietatik 402, Beazek eskainitako programa edo zerbitzuen jarraipen eta babesaren pean daude. Elkarrizketatutako gainerako 110 enpresak ez dira izan Beazek kudeatutako sostengu-ildoen onuradun.

Dokumentu osoa hemen kontsulta daiteke.

Albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA