AA, BERRIKUNTZA ETA APPAK JARDUNBIDE EGOKIAK

2025ko Urtarrilaren 15a

Kirola On: 4 hilabeteko jarduera, oso balorazio positiboarekin

Bizkaiko Foru Aldundiak 2024ko urriaren hasieran Kirola On, eskola-kirolean egon daitezkeen haur-indarkeriako egoerak detektatzeko eta kudeatzeko tresna aitzindaria, abian jarri zuenetik, esponentzialki handitu da beren burua seguru sentitu duten eta kontsultak egitera edo egoera horiek salatzera animatu diren pertsonen kopurua.

Ikasturteko lehen hiru hilabete hauetan eta martxan jarri zenetik, bere funtzionamendu onari esker, foru zerbitzu honek hainbat kasu artatu ditu. Datuek adierazten digute batez beste indarkeria-egoera posibleei buruzko 1,8 kontsulta egin eta artatu direla egunean. Datu horren data-tartea urriaren 3tik abenduaren 25era bitartekoa da; beraz, kontsulten edo salaketen zenbaketa osoa 60 inguru izango litzateke. Datu horiek erakusten dute Bizkaiko kirolean egon daitezkeen indarkeria-egoerei buruzko kontsultak esponentzialki ugaritu direla ikasturte honetako lehen hiruhilekoan, joan den denboraldian Bizkaiko Foru Aldundiaren posta elektronikoaren bidez jarri ziren 35 kontsultekin alderatuta.

ZER DA KIROLA ON?

Kirola On isilpeko komunikazio-kanal bat da, Bizkaiko kirolari adingabeentzat, entrenatzaileentzat, familientzat eta kirol-eremuan sartuta dauden beste pertsona batzuentzat edozein unetan eta zuzenean, zalantzak, galderak, kezkak planteatzeko edo indarkeria-egoerak salatzeko aukera izan dezaten.  Formulario baten bidez funtzionatzen du bere webgunean (www.kirolaon.eus). Bertan, aditu-talde batek azkar erantzuten du, jarraitu beharreko urratsak eta inplikazioak azalduz.

NOLA FUNTZIONATZEN DU KIROLA ON?

Funtzionamendua erraza eta noranzko bikoa da: edozein arrisku-egoera detektatzen duen pertsonak www.kirolaon.eus webgunean sartu, eta formulario labur bat bete behar du; hori baino ez. Berehala jasoko du planteatu duen gaiari dagokion erantzuna. Komunikazio horretan, profesional adituen talde batek jarraitu beharreko prozesua eta izan ditzakeen inplikazioak azalduko ditu.

Edozein unetan erabili ahal den kanala ere bada. Gaiaren edukia dela-eta komunikazioa geroago eman behar bada, planteatu duenak gako bat jasoko du; haren bidez, aplikazioan sartu ahal izango da, eta planteatutako gaia zer egoeratan dagoen eta adierazitako kezkari erantzun egokia emateko zer aurrerapen egin diren egiaztatu ahal izango du.

Tresna indartsu horren atzean, haurrak babesteko lanetan ibilbide luzea duten profesionalez osatutako talde bat dago; diziplinarteko profilak dituzte eta, kezka jasotzen dutenetik, kasuaren kudeaketan lan egingo dute. Kudeaketa horren helburu bakarra da indarkeria-egoerak prebenitzea, irtenbide hezigarriak proposatzea, egoera larriak arlo horretan eskumena duten erakundeetara bideratzea, eta, batez ere, kirolari adingabeei, kirol-erakundeei eta erakunde horietan haurrak babesteko ardura duten pertsonei laguntza ematea egoerak behar bezala kudeatzeko.

Kirolbide PRO gunetik eskola-kirolean haurren indarkeria-egoeren berri duten pertsona guztiak animatzen ditu Kirola On erabiltzen jarrai dezaten. Guztion artean, eta Kirola On kanalaren eskutik, gure haurren kirol ingurunea hobetu eta seguruago egingo dugu.

Informazio guztia www.bizkaia.eus/kirolaon

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA