KIROL EKITALDIAK ETA LEHIAKETAK ALBISTEAK ETA PRENTSAURREKOAK

2024ko Ekainaren 10a

GOLFA

Bizkaia PGAe Opena ospea irabazten ari da, eta zirkuituan erreferente gisa finkatzen

Meaztegi Golf zelaian egingo da lehiaketa, ekainaren 20tik 23ra.

Bizkaia PGAe Open-ak ekainaren 20tik 23ra izango du hirugarren edizioa, Meaztegi Golf zelaian, eta, ospea bereganatzen ari delarik, erreferente modura finkatzen ari da Tumi Spain Golf Tour zirkuituaren barruan.

Meaztegiko zelai publikoa Zugaztietan dago, eta hantxe aurkeztu dute gaur, hain zuzen ere, III Bizkaia PGAe Open-a antolatzaileek; Golf-jokalari Profesionalen Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

Erakundeen ordezkarien buru bildu dira ekitaldian Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatua eta Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatua. Antolatzaileen aldetik, berriz, honako hauek izan dira: Ander Martínez, PGAeko presidentea; Carlos Roca, Meaztegi Golfeko zuzendari kudeatzailea, eta Vicente Sáinz, Euskadiko Golf Federazioko presidentea.

Bizkaiko txapelketa hau geroz eta erakargarriagoa bihurtzen ari da zirkuituaren barruan, eta horren adierazle dira, hain zuzen ere, izen-emateak: ia ehun jokalarik eman du izena, oraindik ere txapelketa hasteko hiru aste falta direla.

Profesionalen txapelketaz gainera, Pro-Am txapelketa bat ere egingo da, ongintzakoa, eta "DalecandELA" elkartearentzako funtsak bilduko dira. José María Olazabalek berriro parte hartuko du txapelketan, eta makila-joko pertsonalizatu bat emango du, elkartearen onurarako zozketa egin dadin.

Iazkoak izaniko arrakasta ikusita, berriro egingo da umeen arteko Pro-Am txapelketa bat ere, eta neska-mutilek aukera izango dute golf-jokalari profesionalekin batera egiteko ibilbide bat. Ekimen hori «Jon Rahm Golf 4 kids» ekimenarekin lankidetzan egingo da: Jon Rahmek eta haren familiak bultzatutako golf eta balioen proiektu bat.

Izan ere, horixe da Bizkaia PGAe Open-aren helburuetariko bat, hau da, gollfa Bizkaiko biztanleei hurbiltzea, titulartasun publikoko Meaztegi zelaia daukagula aprobetxatuz.

Bada beste ekimen bat antolatzaileek sustaturikoa eta sendotzen ari dena; alegia, Bizkaiko familiek euren etxean hartzea txapelketan parte hartzen duten golf-jokalariak, «Hartu pro bat zure etxean» programaren bitartez.

2022An ireki zuen Bizkaia PGAe Open-aren garaileen zerrenda Asier Aguirre golf-jokalari nafarrak, eta, haren ostean, Borja Martin donostiarrak eskuratu zuen txapelketa, 2023an.

Meaztegi Golf zelaia

Meaztegi Golf Club Zugaztietan dago, eta golf-zelai publiko bat da, Bizkaiko Foru Aldundiarena. 2005ean inauguratu zen, eta Severiano Ballesteros jokalariak diseinatu zuen. Meaztegi Golfek 88 hektarea hartzen ditu guztira Trianoko meatze-eremu zaharrean: 18 zuloko golf-zelai bat du, 6.154 metroko ibilbidea (parea 72) eta guztira 52 bunker dituena. Bada beste zelai bat 9 zulokoa, parea 3 duena eta 10 bunker.

Golf-instalazioen osagarri, praktika-zelai handi bat dauka (altuera bikoitzeko tee-arekin eta bi muturretatik praktikatzeko aukerarekin), putting-green bi eta chipping eremu bat ere, guztiak Klubaren inguruan.

Argibide gehiago hemen: https://meaztegigolf.eus/

Argazkia eta albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA