ALBISTEAK ETA PRENTSAURREKOAK

2025ko Martxoaren 17a

TXIRRINDULARITZA

Gaurtik aurrera Basauri eta Bilbo lotuko dituen bizikleta-pistan, batez beste 2.100 txirrindulari eta oinezko aurreikusi dira

Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean dago jasota azpiegitura horren gaineko erabilera-azterketa bat, hau da, nola erabiliko den datozen lau urteetan, bai mugikortasun-beharretarako, bai behar ludikoetarako. Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak 1,09 kilometroko bizikleta-pista berria inauguratu du, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin, Basauriko alkate Asier Iragorrirekin eta Etxebarriko alkate Iker Lopezekin batera.

Lurraldean mugikortasun jasangarria sustatzea da foru-gobernuaren konpromiso nagusietako bat, bai eta bizikleten erabilera bultzatzea ere, herritarrentzako ohiko garraiobidea izan dadin. Bizkaiko Foru Aldundia, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren bitartez, Bizkaiko Bizikleta Bideen Plan Sektoriala garatzen dabil, helburua baita lurralde osoa lotzen duen bidegorri-sarea egitea.

Ildo horretan, gaur goizean, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek bizikleta-pista berria inauguratu du Boluetan; hau da, Basauri, Etxebarri eta Bilbo lotuko dituen bizikleta-pista, txirrindularientzako eta oinezkoentzako 1, 09 kilometroko azpiegitura. Inaugurazio-ekitaldian bi udalerrietako alkateak ere izan dira, Asier Iragorri, Iker López eta Juan Mari Aburto. Biek eman diote balioa azpiegitura berriari, eta azpimarratu dute zeinen garrantzitsuak diren udalerrien arteko konexioak.

2023-2035eko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialak bizikleta-bideen arloko beste arau bat taxutu du eta, besteak beste, edukien artean, Bizkaiko bizikleta-azpiegituren eskari-analisiak daude. Basauri-Boluetako tarte inauguratu berriari dagokionez, azterlan hori bi agertokitan oinarritu da joan-etorrien aurreikuspenak egiteko. Lehenengoa, epe ertainekoa, 2029an jartzen du, eta ordurako aurreikusi du egunean gehienez 2.100 txirrindulari eta oinezkoren okupazioa izango dela lanegunetan. Bigarren agertokia 2035aren mugan jarri du eta, ordurako, egun-tarte berean, 6.400 joan-etorri daude aurreikusita.

Basauri-Boluetako bizikleta-pista

Basauri-Boluetako bizikleta-pista berria funtsezko proiektu bat da Bizkaiko Foru Aldundiaren mugikortasun jasangarriaren estrategian. Trazaduraren hasiera Basauriko udalerrian dago, Larrazabal kaleko Kaleroko aparkaleku publikorako sarreran, eta amaiera Boluetako zubian, Bilboko auzo horren hasieran bertan.

Datorren udan hasiko dira zubibidea zabaltzeko lanak, Nerbioiko bizikleta-pistara (1. lineara) behar den tartean egokitzeko. Halaber, Etxebarrirekin bizikletaz eta oinez konektatzea ahalbidetuko da; izan ere, laster Etxebarriko Udalak bidezidor bat egingo du Boketeko tunelaren inguruan bizikleta-pistarekin lotzeko.

Basauri eta Bolueta arteko ibilbidea 1,09 kilometro luze da; 4 metro zabal, bizikletetarako, eta 2 metro zabal, oinezkoentzat. Bizikleta-pista Kaleroko aparkalekuan hasiko da, eta Bilbo-Durango-Arratia tranbia zaharraren plataformara egokituko da. Paraje natural batean, Ibaizabal ibaiaren eta trenbidearen arteko mendi-hegalaren erdialdetik igaroko da.

Boketeko tunelaren hegoaldeko sarrera berreraiki da, hondatuta zegoelako, eta, barrualdeko segurtasuna indartzeko, gangan sare bat jarri da. Horrekin batera, Etxebarrik eskatuta, segurtasuna are gehiago indartu da; izan ere, tunelaren zenbait tokitan, Udalak kudeatuko duen bideozaintza-sistema bat eta argi gehiago jarri dira.

Azkenik, proiektuaren barruan, Kaleroko aparkalekua birmoldatzea ere bazegoen. Hor, zeharka aparkatzeko 48 plaza egokitu dira, eta, horretaz gain, 100 metro koadro inguruko atsedenleku bat, zurezko eserleku eta mahaiekin, eta bizikletak aparkatzeko tokiak.

Lanen azken aurrekontua 3,5 milioi eurokoa izan da, eta Europako EGEFek eta foru-funtsek batera finantzatu dituzte.

Albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA