ALBISTEAK ETA PRENTSAURREKOAK

2024ko Azaroaren 21a

Aldundiaren azaroaren 25eko kanpainak indarkeria matxistako jokabide on eta txarrei buruzko gogoeta egiten du

Red flag eta green flag kontzeptuak erabiliz, gizon gazteak bereziki sentsibilizatu nahi ditu. Kanpainak gazteei zuzendutako ilustrazioak ditu. Azken azterlanen arabera, gizonek gero eta gaitzespen handiagoa diete feminismoari eta berdintasunaren arloko aurrerapen batzuei.

Bizkaiko Foru Aldundiak Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunari lotutako kanpaina aurkeztu du gaur. Kanpaina horretan, indarkeria matxistaren esparruko jokabide on eta txarren inguruan hausnartzeko gonbidapena luzatu nahi da.

Teresa Laespada ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak aurkeztu du kanpaina, Bilboko itsasadarraren ondoan dauden emakume zirgarien eskultura-taldearen ondoan.

Kanpaina honek red flag eta green flag-en (bandera gorriak, bandera berdeak) kontzeptua erabiltzen du gazteak bereziki sentsibilizatzeko; izan ere, gazteek beren inguruneetan mugei buruz hitz egiteko erabili ohi diren terminoak dira, bikote-harreman batean onartu behar denari edo ez denari buruz hitz egiteko. Ildo horretan, mezua laguntzeko erabilitako ilustrazioak ere publiko gaztearentzat pentsatuta daude.

Azken azterlanen arabera, gizon batzuek gero eta gaitzespen handiagoa erakusten dute feminismoarekiko eta berdintasunaren arloko aurrerapenekiko, eta, beraz, gizonezko gazteen, mutilen, artean eragin berezia izateko ere diseinatu da kanpaina. Hala ere, ez da soilik bilatu mezu negatibo bat edo jokabidearen mugak azpimarratzeko mezu bat, horrez gain berdintasunaren aldeko aldaketa-eragile bihurtzera ere animatu nahi dira. Horregatik, harreman osasuntsuak eta berdintasunezkoak modu positiboan eraikitzera animatzen ditugu. Eta jokabide on horiek aitortu egiten ditugu berez gertatzen direnean, adierazi du Laespada foru diputatuak.

Sareko eta red flag eta green flag-en zortzi esaldi

Kanpainako mezuetan #REDFLAGS-ak daude; zehazki, debekatutako aldean, alde salagarrian. Honako hauek dira:

  1. APROBETXATU ORAIN MOZKORTUTA DAGOELA
  2. IKUSI DUZU ILEHORIAREN MEME-A?
  3. EDONORI EMATEN DIO LIKE
  4. NESKALAGUNAREKIN HORRETAN DABILELA JASOTZEN DUEN BIDEOA BIDALIKO DIZUT

Horren aurrean, #GREENFLAG-en alternatiba. Kontua da alternatibak proposatzea eta bikote-harremanak bizitzeko modu on horiek aitortzea. Esaldiak hauek dira:

  1. EZ DA NIREA, BERARENA DA
  2. ERRESPETATU EGITEN DITUT BERE ESPAZIOA ETA BERE MUGAK
  3. BESTE BATZUEKIN BARREZ ARI DELA IKUSTEA GUSTATZEN ZAIT
  4. EZ DITUT BERE PROFILAK KONTROLATZEN, EZTA NOREKIN HITZ EGITEN DUEN ERE

Kanpaina komunikabideetan, sare sozialetan, kanpoko publizitatean, Bizkaibus bezalako garraiobideetan eta dendetakon zabalkunde-guneetan zabalduko da (CECOBI, Bilbaodendak, Bizkaidendak edo Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen laguntzarekin). Baita kirolguneetan, klubetan, eskola-kirolean, osasun-zentroetan, liburutegietan, irabazi-asmorik gabeko erakundeetan, udaletan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren instalazioetan ere.

Aldi berean, Surne Bilbao Basket, Bidaideak Bilbao BSR, Lointek Gernika Bizkaia, Zuazo Eskubaloi Taldea, Lutxana Arraun Taldea, Santutxu Hockey Taldea edo Hazsten elkarteek bat egin dute kanpainarekin.

Albiste osoa www.bizkaia.eus

Bilaketaren emaitzetara itzultzea

Ez ezazu albisterik galdu

Izan ezazu kirol munduarekin lotutako albiste eta proiektu guztien berri. Zure beharretara egokitzeko zure lehentasunak aukeratu ahal izango dituzu.

HARPIDETU ZAITEZ NEWSLETTERRERA