Herritarren eta gizartearen partaidetza

Berriak

2026ko apirilakren 23a 02:48

Bizkaiak Haur eta Nerabeen Tokiko Kontseiluen programaren beste fase bat bultzatu du

Foru-programa indartzeko, beste bost udalerri sartu dira: Amorebieta, Plentzia, Gorliz, Sestao eta Urduliz. Aurreko faseko udalek beren partaidetza-organoak garatzen jarraitzen dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du Lurralde Historikoan Haur eta Nerabeen Toki Kontseiluak sortzea bultzatzeko programaren bigarren fasea, etapa berri horri hasiera ematen dion ekitaldi batean; bertan, aurreko fasean parte hartu duten udalerriak eta orain programan sartzen direnak bildu dira. Ekitaldian parte hartu dute Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ager Izagirrek, udalerri parte-hartzaileetako politikariek eta teknikariek, eta UNICEFeko ordezkari Elsa Fuentek.

Amorebieta, Plentzia, Gorliz, Sestao eta Urduliz udalerriak etapa berri horretan sartu dira, eta haur eta nerabeentzako toki kontseiluak diseinatu eta sortzeko prozesuari lotu zaizkio. Horiekin batera, aurreko fasean parte hartu zuten udalek —Turtzioz, Balmaseda, Etxebarri eta Bermeo— beren kontseiluen garapenean aurrera egiten jarraitzen dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Programaren helburua bide bat zabaltzea da haurrek eta nerabeek beren iritziak adierazteko bide egonkorrak izan ditzaten, eta udal-politika publikoak diseinatzen eta hobetzen lagun dezaten, eurei eragiten dieten gaietan duten parte-hartzea erreala eta eraginkorra izateko.

Fase berri horrek jarraipena ematen dio aurretik garatuta dagoen lanari, eta programa zabaldu egiten du, parte hartzeko organo horiek beren udalerrietan sustatzeko interesa duten udal gehiago sartu baitira.

Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiak herritarren eta gizartearen partaidetzaren arloan egindako ibilbidearen barruan kokatzen da, bai eta Herritarren eta Gizarte Partaidetzaren III. Foru Planaren garapenean ere. Plan horrek partaidetza gazteenengana hurbiltzea sustatzen du.

Programaren lehen faseak 2024ko irailean izan zuen hasiera, eta aukera eman zuen parte hartu zuten udalerrietan kontseilu horiek sortzeko oinarriak ezartzeko, baterako laguntza- eta lan-prozesu baten bidez. Prozesu hori udalen lehen ibilbide-orriak definitzearekin batera amaitu zen.

Bigarren etapa honen hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiak indartu egiten du haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko konpromisoa, ulertzen baitu parte-hartze hori eskubide eta funtsezko tresna dela udalerri inklusiboagoak, arduratsuagoak eta herritar gazteenen beharretara egokituagoak eraikitzeko