Itzina Natura Monumentua

Itzina Natura Monumentua

 

Itxinako MendiguneaGorbeiako Parke Naturalaren bihotzean jalgitzen da 15 kilometroko perimetroa daukan goi-lautada hau. Beraren batez besteko altuera 1.100 m-koa da eta Lekanda Haitza, Gorosteta, Ipergorta, Altipitatz eta Axkorrigane ditugu bertan gailurrik garrantzitsuenak.

Orozkoko bailaratik begiratuta geuregana ditzakegu mazizoaren ikuspegirik ikusgarrienak, bertatik jabe baikaitezke benetako dimentsioez. Pareta bertikal eta jasoetan eta Atsogureko haitzetan antolatutako era apetatsuetan mamitzen da handitasun hori.

Haitzen baldintza berezietara moldatutako fauna eta landare-espezieak dituelarik, hauskortasun handikoak dira bertara biltzen diren ekosistemak eta, horik horrela, babestuta daude.

 

AGINDUA, 2023ko martxoaren 20koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko biotopo babestuen izena egokitzea onartzen duena (149 KB)

Biotopo Babestua izendatu zuten 1995.ekon uztailaren 11n. (83 KB)

Itxinako Mendigunea

Haitzak, lurra eta usteltzen ari diren zuhaitzak estaliz, toki heze eta ezkoetan hazten diren goroldio-espezieak 175etik gora dira. Antzinako landare hauek eratu dute behea, eta beraiek babesten dute erosioaren aurrean.

Tokirik malkarrenetan eta ustekabekoetan hazten diren pagoek oihan txikiak osatzen dituzte eta bertan aurkituko ditugu, aterpe bila, uhandreak, baso-igel gorriak, muxar urdinak, azeriak… Haitzetan bizi dira, baita, haitz-sugandila, sai zuria, belatza, belatxinga eta beste hainbeste ere. Ugaztunen artean, berriz, ezin utz ditzakegu aipatu gabe saguzarrak, sorginkeriekin eta antze gaiztoekin lotuta izanagatik ere, oso onuragarri gertatzen baitzaizkio gizakiari, intsektu-jale diren aldetik.

Ikaztegien eta artzain-txabolen hondarrak ditugu, historiaurreko aztarnategiekin batera, gizakiaren egitekoen lekuko isilak. Joan den mendearen erdialdean artean erabilgarri zirauen izoztegi baten hondarrak ikusiko ditugu bertaratuz gero. Urtero hartzen zuen norbaitek errentan zerbitzu hau, Orozkoko Udalak enkantea egin ondoren.

Karsta bizirik dago

 

Itxinako Fauna 110 milioi urte inguru, itsaso epel eta sakonera txikikoetan hazi ziren koral-arrezifeak izan ziren mazizoa osatzen duten kareharrien jatorria. Urak desegin egiten du haitza eta lurraren gainazalean hondo-uneak eragiten (dolinak edo trokak). Ildo edo bidexkatan hausten du haitza (lapiazak).

Euri-ura haitzen arrailetan eta pitzaduretan barrena sartzen da eta zabaldu egiten ditu, kareharria urtzen denean disoluzioak hutsuneak eratzen dituelarik. Aldi berean, kaltzio karbonatoaren prezipitazioaren eraginez, hainbat eta hainbat estalaktita eta estalagmita osatuko dira lurpeko haitzuloetan.

Sakonean, 130 hutsunetik gora osatzen duten leize eta koben labirintoa eratuko du karstak. Hutsune horietako zenbaiten neurriak bikainak izango dira zinez: Urrikobasoko Lezandi 301 m sakon da, eta Otxabideko multzoan (Erduiko arraila handia) Lezandi 14 bat kilometroz luzatzen da.

Jarduerak eta zerbitzuak

 

Itxinako fauna Asko dira Itzina ingurua ezagutzeko eta bertako gauza miresgarriez gozatzeko parada emango diguten irteerak: Aldabideko iturburua, Egalesaburuko zelaiak, Arrabako zelaia, Austigarmineko saroea, Arno mendiak… Kanpoko aldean jolasgune ugari dago: Larreder eta Pagomakurre Areatzatik abiatuz gero, Altzagorta Gallartutik joanda eta Belaustegi, baldin eta abiapuntua Usabel bada.

Mazizoan barrena sartzeko, ezinbestekoa izango da nolabaiteko prestakuntzaren jabe izatea, lurralde, zenbait tokitan malkarra eta aldapatsu askoa baita. Meteorologia ona ez bada (lainoa, elurra, izotza…) ez da gomendatzen bertara joatea, erraz galduko baikara eta, arriskutsu ere izan daiteke, kontuan hartuta asko direla bertan dauden leizeak eta zuloak.

Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu