Basoak

Ordunteko Mendietako pagadiak

Pagadi azidofiloak

Baso hostoerorkorrak dira, ia pagoak (Fagus sylvatica) soilik dituztenak; lurzoru azidoetan finkatzen dira, klima euritsuko eremuetan, 700 eta 1.300 metro bitarteko altitudeetan, Euskal Autonomia Erkidegoan. Zuhaixka-geruza dentsitate gutxikoa da, eta bereziki nabarmentzen dira gorostia (Ilex aquifolium), zurikatxa (Erica arborea) eta ahabia (Vaccinium myrtillus).

Ordunten, pagadi azidofiloak magal guztietatik banatzen dira eta bertako azaleraren % 20 inguru okupatzen dute. Baso trinkoak dira, eta bertan zuhaitz-mozketen eta ikaztegien adibideak ikus daitezke, baso horien antzinako aprobetxamenduen lekukotasuna emanez. Gizakiek masa horietan milaka urtez gauzatu duten esku-hartze trinkoak gero eta gehiago sinplifikatu du haien egitura, bai espezieei dagokienez eta bai zuhaitzen adin motei dagokienez. Gainera, aziendak eremu horietan duen presentziak masen leheneratze naturala eragozten du. Ordunteko pagadi azidofiloei atxikitako beste problematika batzuk dira hango landareen ordez populazio exotikoak jarri direla, eta baita behin eta berriz gertatzen diren suteak ere; izan ere, suteek zuhaitz-azalera handiak suntsitu dituzte eta larre-azalera bihurtu.

Ameztiak

Habitat honetako baso-komunitateetan ametza (Quercus pyrenaica) da nagusi. Izaera azidofoliko basoak eratzen ditu, oihanpe ireki batez, gorostiekin (Ilex aquifolium), oteekin (Ulex europaeus), txilarrekin (Erica spp., Daboecia cantabrica, Calluna vulgaris) eta belarki ugarirekin.

Orduntek habitat horrentzat duen potentzialtasuna garrantzitsua bada ere, gaur egun 160 hektarea inguruko azalera okupatzen du (osoko azaleraren % 4,1); azalera hori, gainera, oso zatikatuta dago, mendilerro osoan sakabanatutako orbanetan, batez ere mendebalderantz orientatutako magaletan, horiek lehorragoak baitira. Masa horiek aziendaren presioa pairatzen dute, eta baita larreen azalera handitzeko xedez egindako suteen presioa ere, eta, hortaz, baso horiek ezin dira behar den bezala garatu. Horren ondorioz, masa trinko eta homogeneoak sortzen dituzte, zepatik hazitako fuste txikiekin eta kontserbazio egoera desegokiarekin.

Haltzadiak

Ibaiertzetako ohiko basoak dira. Zuhaitz nagusia haltza da (Alnus glutinosa), eta berarekin batera hainbat zuhaixka eta belarki mota agertzen dira. Baso horien funtzio ekologiko bereizgarrienen artean, honako hauek daude: ziklo hidrologikoa erregulatzea, higadurari aurre egitea, ibaiertzeko ekosistema eta biodibertsitatea mantentzea, eta konexio-funtzioa, lehen mailako korridore ekologikoak baitira.

Ordunten, erreka gehienak burualdekoak dira, desnibel nabariak dituzte eta agorraldi apalekoak dira. Ondo garatutako haltzadiak kontserbatzen dituzte tarte batzuetan, baina beste batzuetan landaretza exotikoak jarri dira haien ordez. Habitat horri lotuta, erreketako burualdean iratze paleotropikalen bi espezie aurkitzen ditugu, alegia, Trichomanes speciosum eta Woodwardia radicans espezieak. Biak Batasunaren interesekoak dira, Habitaten Zuzentarauaren arabera, eta interes bereziko espezie bezala daude katalogatuta Euskadirentzat. Iratze horiek ere LIFE+ Ordunte Jasangarria proiektuaren kontserbazio elementuak dira. Azpimarratzekoa da, halaber, magaleko haltzadiak agertzen direla urak gainezka egiten duen guneetan edo uraren metaketak erreka txikiak sortzen dituen lekuetan.

  • Ordunte logoa
  • Life logoa
  • Natura 2000 logoa