17M - 2019

17M

Homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna.

Kartela - Homofobia adinguztietan sufritzen da. Homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren aurtako nazioarteko eguna.

Kartela - Homofobia adinguztietan sufritzen da. Homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren aurtako nazioarteko eguna.

ADINA EZ DA AKATS BAT

Bizi garen mundu honetan ematen du adina akats bat dela.

Bata bestearen atzetik azkar baino azkarrago azaltzen diren aurrerapen teknologikoak analfabetismo digitalera eramaten ari dira adineko hainbat pertsona. Segurtasunaren eta arintasunaren aitzakian eguneroko kudeaketak informatizatu egiten dira eta adinekoak inoren laguntzaren menpean geratzen dira, euren autonomia mugatuta.

Urteek ematen duten esperientziak mundu honetan ez dirudi ezertarako balio duenik, dena berritzen delako etenik gabe. Sare sozialak eta euren hizkuntza nagusitzen dira, eta elkarrizketetatik baztertzen dituzte azken trending topic-a ezagutzen ez dutenak.

Bisturiarekin edo Photoshop-ekin ukituak emanda lortutako edertasunak mespretxatu egiten ditu gaztetasuna galdutako gorputzen zimur ederrak, bizitza oso baten geografia erakusten dutenak.

Sexualitate ahaltsua, gorputzezkoa, eraginkorra miresten da mundu honetan. Zinemak, prentsak, publizitateak zein hedabideek sexua gaztetasunarekin soilik eta modu unibokoan lotzen dutela dirudi, gorputz zaharrak eta horien jabe diren arimak desiratu, laztandu, maitatu ezin balira bezala… Eta, ondorioz, mundu honetan badirudi gazteentzat baino ez direla maitasuna, harremanak, bikotea…

Helduaroan edo zahartzaroan maitasuna berriro topatzen da batzuetan, eta errotu egiten da beste batzuetan. Baina gizarte azkarra, sendoa, osasuntsua, gaztea, sexuala… errealitate horri bizkarra emanda dago.

Eta itxuraz gehiengo direnen kasuan ez ikusiarena egiten badu, jakina, burutik pasatu ere ez zaio egiten maitatzeko, bikotea osatzeko, bizitzeko LGTBI modu bat egon daitekeenik nagusien artean.

Gure munduan, hortxe bertan, badira gay, lesbiana edo transexualak, euren sexu-nortasuna eta sexu-joera ezkutuka, isilpean, beldurrez bizitzen ikasi zutenak. Eskutik helduta paseatu ezin ziren pertsonak, huskeriengatik barre egiten ausartzen ez zirenak, laguna deitzen ziotenak andrea zutenari, maiteminduta egotearen zoriona beste emakume batzuekin partekatu ezin izan zutenak, edo familiak ere arbuiatu zituenak. Nahi zituzten familiak sortu ez zituzten gizonak eta emakumeak, eurenak ez ziren bizitzak bizi behar izan zituztenak.

Izan dira, egia da, aparteko ausardia erakutsiz euren izaeraren alde apustu egin duten gizon eta emakumeak ere, baina bidean utzi behar izan dituzte lagunak, familiak, lanak, hiriak…

2005. urtetik aurrera, gurea bezalako gizarte ireki batean, LGTBI pertsonak aintzat hartzen eta babesten dituen legeriarekin, batzuek ordaina hartu ahal izan dute, euren harremanei legezko forma emanez. Ezkontzea jada gizartean hain garrantzitsua ez dela dirudien sasoi honetan, ezkontzea garaipen handia bihurtu da, ostera, gay, lesbiana eta transexualentzat. Irregulartasunetik irtetea da. Normaltasunean sartzea da. Gurea bezalako legezkotasuna da, zalantzarik gabe, gizon eta emakume horietariko askok gaztaroan nahi izango zutena.

Gizarte irekia gara. Gizonek eta emakumeek askatasunez elkar maitatzeko eskubidea dute, adina edozein izanda ere. Nagusiek ere eskubidea dute euren maitasuna eta euren sexualitatea erakusteko, horregatik gizartearen zigorrik jaso gabe. Horrenbeste zor diegu gaztetan diktadurak zapaldu zituen emakume eta gizon horiei. Horrelakorik berriro ez gertatzea zor diegu. Berreskuratutako eskubideak galdu egin daitezkeela bistatik ez galtzea zor diegu. Eta ez dugu horrelakorik onartuko.

Eta batez ere: errekonozimendua zor diegu. Izan zirenagatik. Baina baita direnagatik ere.

García Márquezek hauxe zioen Ehun urteko bakardadean Pilar Terneragatik: "Itxaron eta itxaron, galduak zituen izterren indarra, bularren sendotasuna, samurtasunaren ohitura, baina osorik gordetzen zuen bihotzaren zorotasuna".

Gorde dezagun osorik gure bihotzen zorotasuna, eta onar dezagun ingurukoengan ere. Gazte zein nagusi.