Kirola nerabetasunean - gazterian

Laburpena

Azterketa eta ikerketa soziologiko ezberdinen ariora, kirola bertan behera uztea edo horrekiko sortzen den interesik eza gazteen artean benetako gaia eta gai garrantzitsua dela nabarmendu da. Izan ere, badirudi kirol-eskaintzak ez duela inolako erantzunik ematen biztanleria-talde horren interesei eta motibazioei dagokienez. Horrela, azterketetan adierazitakoaren arabera, beste batzuen artean, gazteen kirolaren inguruan, ondokoak azpimarra ditzakegu: García Ferrando (2001), Rodríguez y col. (2005), Palau Sampol y col. (2005), Nuviala y Nuviala (2005), Macarro (2008) edo Morales (2009). Era berean, Europa mailan egindako zenbait ikerketen (Pieron, 2004) arabera, jarduera fisikoaren nahiz kirolaren beheraka mailakatua gertatu da eskolako etapa amaitzean, eta nerabetasunean ere jaitsiera hori modu harrigarrian antzeman da. Oraintsu, 14 eta 18 urte bitarteko Europako gazteen bizi-estiloen arteko alderatze-ikerketa batek adierazi duenez, jarduera fisikoa modu nabarmenean jaitsi da, eta are gehiago, neska gazteen kasuan.

Argi dago, nerabeek bizi-estiloak konfiguratzen dituzten jarduerak eta jokabideak sortzen badituzte, horiek gazteriaren lehenengo etapan finkatzen direla. Bizi-estilo horiek gizarteratzeko prozesuetan garatutako ohiko erreakzioen nahiz jokabide-pauten bidez zehaztuko dira. Pauta horiek gurasoei, adiskideei, lagunei eta anai-arrebei begira ikasten dira, baita eskolaren eraginaren, hedabideen, eta abarren bidez ere. Beste hitz batzuetan esanda, nerabetasunaren eta gazteriaren etapan jarduera fisikoak edo kirol-jarduerak egiteko ohiturak modu sistematikoan eta etengabe bereganatzen ez badira, ziurrenik ere, gazte horiek aurrerantzean heldu sedentarioak izango dira, horrek dakarren osasun-problematikarekin batera.

Horrenbestez, jarduera fisikoa bultzatu, ahalbidetu eta sendotzen duten faktoreak zehaztu behar ditugu, nerabeek eta gazteek bizi-estilo aktiboa eskuratu eta bizi-zikloan zehar horri eutsi diezaioten. Gutiérrez (2000), Collado (2005), Vilchez (2007) eta Macarroren (2008) iritziz, kirola egiteko ohiturak eskuratu eta horiei eusteko faktoreak hauek dira: dibertimendua, aisialdia, osasunaren hobekuntza, eta jarduera fisikoa egin eta lagunekin egotea. Ildo beretik, kirola bertan behera uzteko tasarik handiena nerabetasunean eta gazterian aurkitzen da, eta hori behin-behinean edo modu iraunkorrean bertan behera uzteko bultzatzen duten zioak, neurri handi batean, Dule (2006), Vilchez (2007), Macarro (2008) eta Moralesen (2009) ustez, beste batzuen artean, aisialdiaren gabezia, ikasketak eta gogaitasuna dira.

Testuinguru horretan, eta jarduera fisikoetan edota kirol-jardueretan parte hartzeko arrazoiak ezagututa, baita kirola bertan behera uzteko arrazoiak ere, jarduera fisikoak edo kirol-jarduerak zuzentzen dituzten profesionalen esku-hartzea erabakigarria izan daiteke osasunari, jolasari eta aisialdia modu erabilgarrian betetzeari buruzko ohitura positiboak sorrarazi ahal izateko, betiere horien esku-hartzea gazteen eta nerabeen interesei eta motibazioei egokituta. Hori dela bide, nerabeak eta gazteak kirola egitera bultzatu ahal izateko, beharrezkoa da esku-hartzearen prozesuetan esparru didaktiko berria ezartzea, osasun-, jolas, funtzionaltasun- eta autonomia-ardatzen bidez zehaztuko dena. Esparru didaktiko berri horretan gehiago sakontzeko, Mahai-Inguru honetan esku hartu dut.